Eukene Elorriaga: «Europako aire-kontrolatzaile kolektibo zaharrena da gurea»
Eukene Elorriaga, aire-kontrolatzailea
«Aena enpresaren pribatizazioa disimulatzeko egin zuten gure kontra»
Eukene Elorriaga Rodriguez
1966, Galdakao
Merkataritza-nabigazioko ikasketak egin zituen Eukene Elorriagak, baina itsasontzi batean lan egitea zail ikusten zuenez, aireportuko aire-kontrolatzaile izateko hautagaitza prestatu zuen, 1992an lanean hasi zen arte. Gaur egun, Bilboko aireportuko 24 aire-kontrolatzaileetako bat da galdakoztarra eta mihian bilorik gabe hitz egiten du bere lanpostuaren egoeraz edota inguruko injustiziez, besteak beste.
ARGAZKIAK: Jabi Rojo
TESTUA: Jon Gomez Garai
Baimen eta neurri bereziak pasa ostean lortu dugu Bilboko aireportuko kontrol-dorrean sartzea, bertan lan egiten baitu Eukene Elorriaga galdakoztarrak. Gauza asko ditugu berarekin berba egiteko: aire-kontrolatzaileen grebak, Espainian erabiltzen ez diren aireportuak, bizitako pasarte gogorrak, aireportuko haizeak, Aenaren pribatizazioa… dorrera igo eta irribarretsu hartu gaitu Elorriagak.
Pandemiaren ostean berreskuratu al da aire-trafikoa? Oraindik ez da guztiz berreskuratu. Datuen arabera, 2019arekin alderatuta %90ean dago gutxi gorabehera.
Pandemiak hegaldi kopurua murriztu zuen, ingurumenaren alde baina zuen lanpostuaren kontra? Egia da isuriak murriztu egin zirela hegaldi kopurua erabat jaitsi zelako mundu mailan, baina guk lan egin behar izan genuen berdin-berdin. Kargako hegazkinak, gorpuak aberriratzeko hegaldiak, larrialdiak… kontrolatu behar genituen. Burbuila taldeak egin genituen eta kito!
Aire-trafikoa hobetu egingo da, baina zuen lan-baldintzak hobetu dira? Hegazkinen trafikoa Europan baino azkarrago ari gara berreskuratzen hemen, baina gure baldintzek hobetu barik jarraitzen dute.
Frantziako estatuak aire-kontrolatzaileen greba bizi izan du orain gutxi, baina gutxi entzun da zuen inguruan… Frantziako aire-kontrolatzaileek egun bakarreko greba egin zuten, eta horren ostean etorri da estatu osoan egin duten greba orokorra, jendeak aire-kontrolatzaileen grebarekin nahastu duena. Baina nahasmen hori ez da edozergatik etorri, hau komunikabideek sortzen duten egoera tipikoa da iritzi publikoa gure kolektiboaren aurka desbideratu gura dutenean.
Zergatik diozu hori? Guk ere bizi izan dugulako. Espainiar estatuko lehenengo alarma egoera ez zen Covid19-aren pandemiarekin etorri, hamar urte lehenago baizik, aire-kontrolatzaileoi gure postuak «modu masiboan abandonatzea» leporatu zigutenean. Urte batzuk lehenago aplikatzen hasi zen plan orkestratu bati jarraiki, Aenaren etorkizuneko pribatizazioaren bidea errazteko aukeratu zuten «turkiar burua» izan ginen. Gu aukeratu gintuzten, noski, kolektibo oso txikia garelako.
Eta nola amaitu zen arazo hori? Amaitu berri da: aurtengo martxoan, Madrileko probintzia-auzitegiaren 213/2022 epaian, egotzitako delitu guztiengatik errugabe jo gintuzten. Baina horren aurretik ere 20 epaitegik ebatzi izan dute gauza bera. Beraz, errugabeak bagara, nor da 2010eko abenduko zubiko kaosaren arduraduna? Ikertzeak ez die merezi, erantzuleak «goiko» karguetan egon daitezkeelako…
Zelan iritsi zinen aire-kontrolatzaile izatera? Kasualitatez. Unibertsitateko ikasketak amaitu nituenean —merkataritza-nabigazioko pilotu izateko ikasi nuen—, itsasontzi batean lana aurkitzea gizon batentzat ere zaila bazen, imajinatu emakume batentzat! Eta horregatik alternatibak bilatu nituen. Garai hartan aire-kontrolatzaile izateko oposizioak deitu zirela jakin nuen eta ikusita nabigazioarekin lotutako gai asko batzen zirela bertan, lanpostu horretarako oposizioetara aurkeztu nintzen… 1992ko martxotik gaur arte.
Eta zelan iritsi daiteke aire-kontrolatzaile izatera gaur? Gaur egun, aire-kontrolatzaile izateko aukeraketa prozesua zinez desberdina da: oinarrian 70.000 euroko sei hilabeteko ikastaro bat ordaindu behar duzu, beharrezko lizentzia guztiak dauden akademia pribatuetariko baten eskuratzeko —pribatizazio hau, portzierto, lehengo kontrol eskolaren desegitearekin etorri zena—.
Zenbaki horiek kontutan… iristen al da belaunaldi berririk zuen lanbidera? Enaire —gure lanpostuez arduratzen den «enpresa publikoa»—, lanpostu berriak sortu barik urteak egin baditu ere, hasi da lanpostu berriak sortzen aire-kontrolatzaile izateko. Baina zoritxarrez ez dira nahiko ezta lankideen erretiroak kubritzeko ere. Horrek zer dakar? Bada, Europako aire-kontrolatzaile kolektibo zaharrena garela 2.000 pertsonako plantilla batean 50 urteko bataz besteko adinarekin.
Langile berriak ez dira iritsiko, baina aireportu berriak sikieran iritsi dira ba Espainiako leku askotara! Lehen esan dizut 2010ean gure kontra egin zutela, gure lanpostuak «modu masiboan abandonatzea» leporatuta. Bada, gure kolektiboaren aurkako gatazka horrek burrunba sortu gura zuen asmo argi batekin —eta ondo dokumentatuta hala azaldu du gure lankide Antonio E. Berrocalek «Todo fue una farsa» liburuan—: Aenaren pribatizazioa oharkabean eta disimuluan egitea fokoa gugan jarrita, aireportuen inguruko arazoa gu izango bagina bezala.
Eta zer zerikusi du Aenaren pribatizazioak erabiltzen ez diren aireportu berriak sortzearekin? Etxebizitzen eraikuntzaren krisia egon zenez, aireportuak sortzeko boom-a ekarri zuten garai hartako Espainiako Gobernuko kideek. Aireportu guztien ardura Aena erakunde publikoarena zen. Baina boom horren ostean aireportuetako obra faraonikoek erabat zorpetuta utzi zutenez erakundea, saldo-prezioan saldu zuten Aena. Espainiako Gobernuak, gaur egun, Aenaren %51 baino ez du kontrolatzen; gainontzekoa pribatuen esku dago.
Hala ere, aire-kontrolatzaileen ardura beste erakunde batek duela esan duzu lehen, ezta? Bai, hain justu horregatik. Aipatutako pribatizazioa egin zenean aireportuek Aenaren esku jarraitu zuten eta aire-kontrolatzaileak Enaireren esku egotera pasa ginen, hau Espainiako Gobernuaren menpe dagoena. Tira, aire-kontrolatzaileen gehiengoa gaude Enaireren esku, baina ez denak: 12 aireportuetako dorre ere erabat pribatizatu ziren 2011. urtean, justu pribatizazioa baino hilabete batzuk lehenago sortu ziren bi enpresa pribaturen esku uzteko. Bitxia, ezta?
Zenbat hegazkin kontrolatu ditzakezue lanaldi bakoitzean? Bilboko aireportuan 150 aireratze eta lurreratze inguru kontrolatzen ditugu egunero; eta horiei gure aireko espaziotik igarotzen diren baina beste aireportu batzuetara doazen hegaldiak gehitu behar zaizkie.
Baten batek pentsatu dezake aire-kontrolatzaile izatea eskuetan argi-konoekin, plataformatik bertatik, hegazkinari keinuak egiten dabilena dela, ezta? Bai, eta hala uste izaten du jende askok. Baina ez, hegazkinaren ondoan horiz jantzitako kideak «señalero» izenez ezagutzen ditugunak dira. Horien ardura izaten da hegazkinek ondo aparkatzeko argibideak ematea, pisten egoera ona bermatzea, plataforman hegazkinen mugimendua egokia dela ziurtatzea, gurekin irrati-konexiorik ez duen pertsonala bideratzea…
Eta zuek, zer egiten duzue? Labur-labur eta modu oso orokorrean azaltzen saiatuko naiz, ez baita erraza hitzez azaltzea hemen egiten duguna. Ezer baino lehen, gu aireportuko eraikin nagusiaren aurreko dorrean gaude eta bertan bi posizio dauzkagu. Kontrolatzaile batek eraikinaren, plataformaren —hegazkinak aparkatuta dauden eremuaren— eta pistaren —aireratzeak eta lurreratzeak egiten diren errepidearen— mugimendu guztiak kontrolatzen, baimentzen eta koordinatzen ditu. Beste kontrolatzaileak berriz hegaldi guztien gerturatzeak kontrolatzen ditu, hau da, radarraren bidez gure aire-espazioan dauden mugimendu guztien berri izan behar du eta gurean lurreratuko duten hegazkinetako pilotuei noiz eta zelan lurreratu adierazi behar die.
Haize bolada bortitzak Loiuko aireportuko lurreratze askotan izan dira protagonista komunikabideetan. Zaila al da hemen lurreratzea? Egia esan, komunikabideetan agertzen diren irudiek sarri benetan gertatzen dena baino dramatikoagoak dirudite. Baina egia da haizeak hego-mendebaldetik jotzen duenean zailagoa egiten zaiela pilotuei lurreratzea, bereziki mendiz inguratuta dugulako aireportua. Beraz, haizea Bilbo aldetik datorrenean mendiekin talka egiten du eta horrek airean ebakidurak edo turbulentziak sortzen ditu. Hala ere, lasai, oso ondo entrenatuta daude gidariak eta ez dute inoiz aparatuaren segurtasuna konpromisoan jarriko; batez ere eurek ere barruan doazelako! (barreka)
Zein da hegazkin batentzako haizerik egokiena? Hegazkinentzako egokiena haizea beti kontra izatea da, bai aireratze zein lurreratzeentzat ere. Horregatik pistak beti eraikitzen dira inguruko haize dominanteen norabide berean.
Lurreratzeak pilotuak gidatzen ditu, hegazkinak berak automatikoki egiten du ala zuek gidatzen dituzue dorretik? Pilotuak egiten du fisikoki, baina egia da aireportuaren hurbilketa-kategoriaren, aireportuaren ziurtagiriaren eta pilotuaren gaikuntzaren arabera, automatikoki lurreratu dezaketela. Automatikoan bai gidatzen du hegazkinak berak, behin hegaldiak behar duen altueran eta abiaduran dagoela, beti pilotuak gainbegiratuta.
Dorrean dagoen kontzentrazioa, tarteka bizi duzuen tentsioa eta zuen ardura maila arnastu egiten ari gara elkarrizketa hau egiterako orduan ere. Egiten dizkizueten kontrol medikoak zorrotzak izango dira, ezta? Bai, urtero pasa behar dugun kontrol medikoa aeronautikoa da, eta oso zorrotzak dira, ez badizute baimenik ematen ezin duzu kontrolatu. Gainera, badira medikamentu batzuk ezin dituguna hartu eta gaixotasun batzuk ezin dituguna izan. Urteroko kontrolean droga kontrolak ere egiten dizkigute, eta tarteka dorrera sartu aurretik ere.
Haize boladez gain, hegaztiak ere izan dira aireportu honetako protagonista… Askori burura etor dakizkigu hegazkin baten kontra egin zuen putrearen zatiak Zamudion jausi zireneko irudiak (irribarretsu). Dena dela, erratzen ez banaiz, azken urteetan hiru «istripu» baino ez ditugu izan azken urteetan saiekin, eta pilotuak zein hegazkinak prestatuta daude horrelakoei aurre egiteko. Gehiago dira hegazti txikiekin pistan bertan gertatzen direnak, baina horiek saihesteko baditugu aireportuko fauna-zerbitzuko belatzak, tarteka hegan egiten dutenak txoriak uxatzeko.
Horren harira, non eta Txorierrin, ez al zuten ba jarri txorien aurkako radar bat? Bai, orain dela hilabete gutxi jarri dute gainera. Baina askok uste dutenaren kontra, ez da hegaztien aurkako radar bat. Radar horrek egiten duen bakarra hegaztien mugimenduak ezagutzea da, eta zuk ondo esan bezala, zerbaitegatik deitzen zaio bailara honi Txorierri.
Zein izan da lanean bizi izan duzun unerik gogorrena? Sustoak hainbat, baina nire 30 urteko ogibide honetan kasu gogor bakarra izan dut. ETBrentzako «Euskal Herria lau haizetara, la mirada mágica» dokumentalerako irudiak grabatzen zituen helikopteroa 2001eko maiatzean erori zenean… ni nengoen zerbitzuan. Aireportuko bulegotik deitu ninduten, baten batek gure kontroleko eremuan helikoptero baten istripua ikusi zuela esanez. Helikopteroarekin kontaktatzen saiatu nintzen, eta hasieran estaldurarik gabe egongo zela pentsatu gura nuen. Minutu gutxi beranduago deitu ninduten, nik sumatzen nuena gertatu zela esanez: harremanetan jartzen nenbilen helikopteroko kideak hil egin ziren. Istripua pilotuaren akats bategatik izan bazen ere, ukituta geratu nintzen.
Eta bizitako pasarterik xelebreena? Aurretik hegaztiak aipatzen aritu garela, polita da sarritan aireportuan bizi den bikote harrapariarekin topo egitea. Guk etxekotzat ditugu, nahiz eta ez diren gure fauna-zerbitzukoak! (barreka) Ingurua arratoietatik libre izaten laguntzen digute, eta garrantzitsua da egiten duten lana, karraskariak bestela gure galeria elektrikoetan sartu daitezke eta matxuraren bat eragin. Eta xelebrea izaten da gure dorreko barandan tente-tente jartzen direnean guri begira! Kontrolatzaileak kontrolatzen ere ibiltzen dira! (barreka)