Passive House kontzeptua
BINKE / 2021eko maiatza

Inguruarekiko etxe arduratsuak ere badira gurean

TESTUA: Iñigo Larrea Labarrieta
ARGAZKIAK: Jon Gomez Garai

Bizi garen lurra dugu bizitoki. Eta gure bizitokia zaintzeko kontzientzia ekologista behar da ezinbestean. Baina berbaren zentzurik estuenera bagoaz, ba al dugu kontzientzia ekologista eta arduratsurik bizi garen tokian? Norberaren etxebizitzaz ari gara. Bertan igarotzen ditugu ordu asko, eta bertan sortzen dugun aztarna ekologikoa handia da. Horren aurrean, Passive House etxe-ereduak sortu dira, eta gurean badira horrelako bi.

Azken urteetan ingurumenak duen garrantziaz asko hausnartu da gure gizartean. Geroz eta argiago daukagu ingurumen zainketa txar batek ekar ditzakeen galerak zeintzuk izan daitezkeen; eta arlo horretan, askotarikoak dira norberak egin ditzakeen ekarpenak. Azken boladan, ekologismo eta izadiaren munduan nagusitu den mugimendu bat etxe arduratsu edota Passive House-ena da. 

Askotan etxe ekologiko edo arduratsuen inguruan hitz egitean etorkizuneko etxeak etortzen zaizkigu burua, gailu elektroniko bakar batez maneiatu daitezkeen etxeak, eta gaur egun, etxe horiek errealitatea bihurtu dira. Gainera, etxebizitza horiek barruan bizi direnei konfort altu bat emateko energia gutxi kontsumitzen duten etxeak direla esan daiteke. 

Passive House-ak, adibidez, kontsumo baxuaren helburua bete eta prestazio maila zorrotzago bat eskatzen duten etxeak dira. Mota askotarikoak daude, baina denek bost printzipio nagusi bete behar dituzte: isolamendu termikoa, prestazio altuko leiho eta ateak, aireztapen mekanikoa, hermetikotasuna eta zubi termiko eza. Era berean, etxe arduratsuen munduan ezagunenak Passive House-ak dira, baina hauek ez dira dauden bakarrak. Hala ere, Binkek kontzeptu horretara hurbildu gura izan du, ziurtagiri hori lortzetik oso gertu dagoen Minako bideko etxe batekin eta datozen egunetan ziurtagiri hau %100ean lortuko duen beste etxe galdakoztar batekin.

Ingurumenean oinarritzen diren etxe hauen fenomenoa gertuagotik ezagutzeko, Galdakaon energia gutxi kontsumitzen dituzten bi etxe bisitatu ditu Binkek. Batean, Birjinia Arrieta (Galdakao, 1975) eta bere aita Joseba Arrieta (Galdakao, 1953) bizi dira, eta bestean, Aitziber Uriarte (Galdakao, 1983) eta Ivan Mesonero (Ermua, 1981). Bi familia hauek aitzakia berarekin hasi zuten energia gutxi kontsumitzen duen etxe baten proiektua aurreikusten, bi kasuetan aurreko belaunaldi batek utzitako etxeak berrizteko beharra baitzuten.

Ingurumenarekiko ardura. Mota honetako etxeak eraikitzerakoan, argi dago jabeen jarrera oso garrantzitsua eta arduratsua izan behar dela. Arrieta familiaren kasuan, duela hamabost bat urte hasi ziren aurreko belaunaldiak utzitako baserri zaharra berrizteko proiektuarekin. Eraikin hura garaiko beste asko bezala, etxe hotz eta hezea zen, eta belaunaldi aldaketa gertatu zenean baserria berriztu beharreko erabakia hartu zuten. Momentu horretan hasi ziren etxe berriaren proiektua burutzen eta aukera paregabea ikusi zuten ingurumena zaintzen zuen sisteman oinarritzen zen etxe berri bat sortzeko. 

Bestalde, 15 urtez itxaroten egon behar izan ziren baserri zaharra berrizteko. Etxe ondoan daukaten autopista amaitu arte —«pintxazoa» proiektua— ez baitzekiten noraino hartuko zuen obrak eta horregatik inork ezin ziezaiekeen ziurtatu proiektua egin ahalko zuten edo ez. Behin autopistako obrak amaituta, euren etxeko proiektua sinatzera joan ziren, eta aipatu zieten udaletxeko estatutuek eraiki nahi zuten lur hori nekazaritzako eremu berezi eta baita lurzoru urbanizaezina zela. Hori dela eta, momentura arte zuten etxea birgaitzeko aukera ikusi zuten. 

Aitziber eta Ivanen kasuan duela lau edo bost urte hasi ziren etxe arduratsuen inguruan irakurtzen, jada eraikita zeuden etxeak bisitatzen eta baita eraikuntza enpresekin hitz egiten ere. Arrietarrei gertatu bezala, Aitziberren aitite eta amamaren etxean bizi zen bikotea, eta beharrizanak murgildu zituen etxe arduratsuen munduan. Birgaitzeko erabakia hartzerakoan bikoteak argi zeukan modu egokienean eta iraunkorrenean egin nahi zutela etxea, eta hortik aurrera lanean hasi ziren gaur egun duten etxea lortu arte.

Hasiera-hasieratik garbi zuten bioeraikuntza proiektu bat nahi zutela, baina ideia garatzen zuten bitartean eta baita legedi berriak ateratzen zirela kontuan hartuz, energiaren kontsumo murritza lortzeko proiektura gehitzea erabaki zuten. Azken finean, etxea egunerokotasunean lagunduko zaituen elementu bat da, eta oso garrantzitsua da bertan eroso eta gustura sentitzea; eta argi aitortu zion Aitziberrek Binkeri: «Etxebizitza bat eraikitzea bizitza guztirako proiektu bat eraikitzea da».

Ziurtagiria badago. Etxe arduratsuen munduan ezagunenak Passive House-ak dira. Mota honetako etxebizitza bat lortzeko ziurtagiri bat eskuratu behar da, eta etxe bakoitzak dituen ezaugarrien baitan, askotarikoak dira lor daitezkeen agiriak. Bi kategoria nagusi daude horien artean: etxebizitza berriak, «Obra berri» taldean sartzen direnak eta etxebizitza berriztuak «Ener Phit» taldean sartzen direnak. Aipatzekoa da bi talde nagusi horien barruan ere beste hiru sailkapen daudela: «Classic», «Plus» eta «Premium».

Aitziber eta Ivanen kasuan, haien helburua bioeraikuntzan oinarritutako etxe bat lortzeaz aparte, Passive House estandarrak lortzen dituen etxe bat lortzea ere izan da, eta horregatik gutxi falta zaie ziurtagiria lortzeko. Beraien kasuan «Ener Phit» estandarra lortzeko nahian dabiltza, eta hori, proiektutik kanpo dagoen hirugarren batek zure proiektua aztertu eta estandarrak esandakoa betetzen duela bermatzen duenean lortzen da. Ziurtagiria lortzeko prozesua norberak ordaindu behar du.

Arrietarren etxera bueltatuz, nahiz eta Passive House ziurtagirik ez izan, baditu etxe arduratsua egiten dituen hainbat ezaugarri. Etxearen forma eta orientazioa nahita aukeratu ziren energiaren aldetik ahalik eta gutxien xahutzeko. Bestalde, eraikinaren tamaina oso handia da eta horregatik ezin daiteke guztiz isolatu. Azkenik, aireztapenean ere fluxu bikoitza duen eraikina da. Hori guztia kontuan hartuz antzeman daiteke Passive House-ak ezartzen dituen estandarrak betetzeko gutxi falta zaion etxea dela. 

Aitziberrek eta Ivanek euren etxeko teilatura jaisten diren urak depositu honetan batzen dituzte, gero euren zereginetan erabiltzeko.

Onura asko zure alde. Askotarikoak dira mota hauetako etxeek dakartzaten onurak. Askok pentsa dezake horrelako eraikin baten beharrizanen zain egon behar duzula, eta eguneroko mantenuaz arduratu behar direla jabeak, baina galdakoztar bi familiek azpimarratzen dute etxeak sortzen duen konforta onurarik aipagarriena dela. Horren baitan, energia faktura murrizten da, mantentzeko oso etxe erraza, aire kalitatea bikaina, tenperatura konstantea…

Argiena, norberak horrelako eraikin batekin ingurumenarekiko lortzen duen lasaitasuna eta poztasuna da. Ekologiarekin duen ardurak erosotasun maila altua eskaintzen dio maizterrari. Normalean etxe hauek eraikitzen dituztenek, gainera, ahalik eta produktu ekologikoenak erabiltzeko ahaleginak egiten dituzte, eta Passive House proiektutik harago, ingurumenarekin ardura duten hainbat elementu erabiltzen dituzte. Uriarte eta Mesoneroren kasuan, adibidez, etxeko hormak isolatzeko kortxoa erabili izan dute, eta edozein aukeratu baino, nahiago izan dute kortxo naturala erabiltzea. Arrietarren kasuan, etxea egiteko erabilitako egurra, adibidez, Barazarren eta Gorbeian ebagitakoa da.

Hala ere, horrelako eraikinek badituzte eragozpen txiki batzuk. Neguan eguzkiaren berotasuna leihoetatik sartzea oso lagungarria da, baina uda partean etxe hauek gehiegi berotzeko arriskua ere badute. Ivanek ondo azaltzen duen moduan «isolamendua dela eta, bero handia egiten duen egunetan etxe barrura sartzen den beroa metatu daiteke». Bestalde, kontuan hartzekoa da ere etxe hauek guztiz isolatuta egon behar direla, eta askotan margolanak edota irudiak hormetan eskegitzean kontuz ibili behar dela isolamendua ez zulatzearekin.

Eta ekonomikoki, zer? Etxe arduratsuek dituzten abantailen artean, dudarik gabe onurarik nabarmenenak jabeari arlo ekonomikoan ekar lekizkiokeenak dira. Momentura arte arruntak izan diren etxeekin alderatuz, bataz beste %15 garestiagoak dira etxe ekologikoak. Badaude normalean baino garestiagoak diren hainbat elementu; hala nola, leiho eta ate isolatuak. Baina izugarria da epe luzaroan etxe hauekin aurrez daitekeen energia eta dirua. 

Etxe hauen isolamendua 25-30 zentimetro ingurukoa da eta horregatik barruko tenperatura egonkorra izan ohi da urtaro guztietan zehar; 21 gradu inguru. Gainera, galdakoztarren kasuan aerotermia ere erabiltzen da etxeko tenperatura egonkortzeko, eta energia mota hori erabiltzeak ere abantaila ekonomikoak dakartza. Etxe arduratsu askok geotermia ere erabili ohi dute, baina hori muturreko tenperatura duten lekuetan erabiltzen da gehienbat. 

Gure herritarren etxe arduratsuek aerotermia erabiltzen dutela esatean, etxeko ura bero-ponpa baten bitartez berotzen dela esan nahi dugu. Sorgailu horien eraginkortasun handiak berotze teknika onenen artean kokatzen ditu bero-ponpak, eta horien bitartez sailkapen energetiko altuena lortzen da: A++. Azken finean, ahalik eta energia berriztagarri gehien erabiltzen da beti gailu horien bitartez eta ahalik eta CO2 gutxien isurtzen da gure ingurumenera.

Aurrera begira. Argi dago gero eta etxe arduratsu gehiago ikusiko direla gure inguruan hemendik eta oso epe laburrera. Passive House web orrialdean bertan azter daitekeenez, Hego Euskal Herrian 32 etxe «pasibo» daude eta estatu espainiarrean 173 daude zehazki. Kontuan hartzekoa da ziurtagiria dituzten etxe estandarrak direla horiek, baina horietaz aparte asko dira gurean ingurumena zaintzeaz arduratzen diren etxebizitzak, Minako bidekoa kasu.

Birjiniak eta Josebak baieztatzen duten moduan, «Passive House bat egitea oso zaila da, eta are gehiago etxe handi batean, beraz guk ingurumenean oinarritutako etxearekin nahikoa dugu, horrekin ingurumenarekiko kontzientzia lasaia daukagulako». Arrietatarrek informazioa falta dela aldarrikatzen dute, eta Udaletik edo Foru Aldunditik laguntzaren bat jasotzeak ere asko lagunduko lukeela fenomeno hau hedatzen —gaur gaurkoz ez baitute abantaila fiskalik zergetan, esaterako—.

Horrela balitz, eta etxeek dituzten onurak tarteko direla, pentsa daiteke gero eta jende gehiago saiatuko dela horrelako etxeetan bizitzen. •