Pandemia baten zantzu feminizatua
Covidaren feminizazioa
BINKE / 2020ko ekaina
Pandemia baten zantzu feminizatua
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
Krisi honek, beste hainbat alorren artean, zaintza lanek izan ohi duten izaera feminizatua ikusarazi dio munduari. Izan ere, ordaindutako zein ordaindu gabeko zainketa lanei dagokienez, gizonen aldean emakumeak izan dira nagusi. Lan honetan, pandemia garaia genero ikuspegitik aztertzearekin batera, hainbat lekukoren testigantzak eta iritziak jaso ditu Binkek.
Krisiak gizartean izan duen eragina aztertuz gero, komeni da hau genero ikuspuntu batetik erreparatzea, emakumeen eta gizonen gainean izan duen talka desberdina izan baita hauetako bakoitzean. Feminismoak historikoki salatu duen genero zapalkuntza eta honen baitan aurkitu daitezkeen genero gabeziak inoiz baino gertuago ikusteko aukera eman du Covid-19ak, izan ere, zaintza lanek berebiziko garrantzia hartu duten honetan, bai ordaindutako zein ordaindu gabeko zainketa lanetan nagusi izan dira emakumeak.
Era berean, zaintza lanek historian zehar izan duten kutsu feminizatuaren zama oraindik eta handiagoa bilakatu, eta bi generoen arteko arraila are gehiago ireki da, azken hilabeteetan sortu diren, edota krisi garaian pisua hartu duten beste zenbait jardun medio, borondatezko lanak izan dira hauen adibideetako bat.
Zaintza lanen feminizazioa. EUSTATek eta Emakundek 2019an egindako txostena aintzat hartuz gero, ordaindutako zaintza lanei dagokienez, genero batetik bestera aldea dagoela ikusi daiteke. Bertan, EAEn aurkitu daitezkeen hainbat zaintza lanen datuak biltzen dituzte, genero ikuspuntu batetik aztertuta. Datu hauen arabera, 2019an Euskal Autonomia Erkidegoan zeuden erizainen %73 emakumeak izan ziren, gizonen %27aren aldean. Erresidentzietako langileei dagokienez aldiz, zaintza lanetan nagusi den generoak %91ko datua izan zuen, gizonek berriz %9. Bi hauez gain, esanguratsua da etxeko langileen datuak azpimarratzea, 2019an emakumeak %99a baitziren, gizonak beraz, %1 baino ez.
Beste zaintza lan batzuei helduz, bi generoen arteko arrakala errepikatu egiten da EUSTATek eta Emakundek plazaratutako datuetan. Garbitzaileen kasuan, gizonek %24ko datua badute ere, emakumeek hau hirukoiztu egiten dute. Antzekoa gertatzen da kutxazainekin ere bai, kasu honetan ere, emakumeek zaintza lan honen hiru laurdenak osatzen baitute, gizonen %25aren aldean.
Zaintza lanen kalteak. Zaintza lanen gaineko emakumeen gehiengotasun honek, Covid-19az gehien kutsatu dena genero hau izatea ekarri du. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak bildutakoaren arabera, maiatzaren 5ean jaso zituen datuetan ikus daitekeenez kasu positiboen ehunekoak desberdinak dira generoaren arabera.
Datuek diotenaren arabera, gizonek kasu positiboen %37,9 osatzen dute, emakumeek aldiz, %62,1. Hau da, genero batetik bestera ia bikoiztu egiten dira kasu positiboak, zaintza lanetan bizi den emakumeen gehiengotasunaren ordain.
Hala ere, azpimarratzekoa da datu hauekin batera, hildakoei dagokienez ehunekoak nabarmen aldatzen direla kasu positiboekin alderatuz gero, desberdinak baitira genero bakoitzaren kasuan. Eusko Jaurlaritzak maiatzean jasotako Covid-19ak eragindako hildako datuen arabera, kasu positiboen barruan gehiago dira gizonen hildako kasuak, emakumeenak baino: gizonen kasu positiboen artean %10,6 izan dira hildakoak; emakumeen kutsatze datuen artean aldiz, %6,4.
Boluntarioen feminizazioa. Krisi garaia hasi, eta hortik eta gutxira eratu zen Galdakaon zaintza sarea. Bertan, Udaletik eta beste zenbait erakunde zein elkarteetatik boluntario sarea indartzeko deia egin, eta hala erantzun zuten herritarrek. Hala ere, bi generoen arteko bereizketa nabari da eratutako sare honetan, bertan parte hartu duten herritarrei dagokienez aldea ikusi baitaiteke emakumeen eta gizonen kopuruen artean.
Galdakaoko Udalak Binkeri helarazi dionez, EUSTATek 2020ko maiatzean jasotako datuetan, 20 urtetik 64 urtera bitartean bizi diren Galdakaoko herritarren kopurua, hots, boluntario sarean parte hartu dezaketen herritarren kopurua, parekoa dela ikus daiteke, 9.017 (%50,07) baitira adin tarte horretan aurkitu daitezkeen emakumeak. 8.993 (%49,93) dira berriz tarte horren baitan aurkitzen diren gizonak.
Bi kopuru hauek parekoak diren arren, boluntario sare honetan parte hartu dutenen artean errealitatea desberdina da ohiko genero ikuspuntutik aztertuz gero, emakumeak nagusi izan baitira hemen ere gizonen aldean. Udalak Binkeri jakitera eman dionez, krisi garaian borondatez lanean aritu diren 96 emakume (%72) izan dira Galdakaon. Aldiz, datu hauen bestaldean, 38 izan dira boluntario gisa aritu diren gizonak, hau da, egon diren guztien artean %28 izan dira.
Boluntarioen ahotik. Borondatezko langileek bizi izan dutena ezagutzeko eta gai honekiko duten iritziaren berri jakiteko, krisi garaian zehar GBGErekin —Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartearekin— batera jardun duten bi emakumeren testigantzak jaso ditu Binkek.
Alde batetik, Itxaso Alonsoren esanetan, gehien behar zuten haiei laguntzeko grinak bultzatu zuen boluntario gisa aritzera, medikua den arren, ez baitu bere ogibidean jardun pandemia garaian, eta Alonsoren esanetan, «nire harri-koskorra ipintzeko beharrarekin» ekin zion lanari, GBGErekin harremanetan jarriz.
Mediku boluntario honek esandakoaren arabera, atal desberdinetan antolatzen zen sarea: erosketak egiteko zeregina, bakarrik bizi diren adinekoei laguntzekoa, edo kotxeak desinfektatzeko eginkizuna kasu, normalean WhatsApp-aren bitartez eta bakoitzak bere burua eskainiz. Berari dagokionez, eroso sentitu da lan egin bitartean, eta herrian bakarrik bizi diren adinekoak telefono bitartez lagundu ditu gehienbat. Udalaren eta gizarte langileen laguntzarekin batera hasi —adinekoen zerrenda egin ahal izateko—, eta honela, ondoren bi helburu lortuz: zailtasunak zituzten haiek gizarte langileekin harremanetan jartzea, eta bestetik, bakarrik sentitzen ziren haiek nahi zuten heinean boluntarioei deitzeko aukera izatea.
Hasierako gaira itzuliz eta hau berari galdetuz, bere aburuz, historian zehar ohikoena izan da zaintza lanen errolda emakumeei atxikita egotea. Hau dela eta, «krisiak agertzen direnean laguntzeko `txip` hori esnatzen zaigu eta zaintzeko beharra izaten dugu» edo «emakumeok babesteko instintua barneratuago daukagula» bezalako iritziak plazaratu dizkio Itxasok Binkeri.
Boluntario gisa ere aritu den Azuzena Serranoren esanetan berriz, berak ere betidanik izan du laguntzeko joera, bere iritziz, bere burua maila pribilegiatu batean kokatzen denez gero, beti sentitu du ahal izan duen heinean gizartea laguntzeko beharra.
Alonsok esandakoaren bidetik, honek ere adierazi du WhatsApp-a zela guztien artean koordinatzeko erreminta, eta abisuak heltzen ziren heinean norberak bere burua aurkezten zuela hau egiteko. Bere kasuan, adinekoei erosketak egin, eta hauen mesedetan aurrekoaren tankerako lanak ere egin ditu, zakarra botatzearena kasu. Serranoren esanetan, «munduko subjektu orok izan beharko luke oinarrizko eskubideen bermea, hau izango baita bizitza duin bat izateko tresna». Bide berean, irmoki salatzen du gobernu eta erakunde publikoak direla pobrezia zein laguntza beharra duten pertsonei jaramonik egiten ez dieten lehenak.
Azuzenaren kasuan berriz, gai honen inguruan berak duen iritzia zein den galdetzean, argi adierazi dio Binkeri «emakumeak zaintza lanetan aritzearen erantzulea patriarkatua dela, gizonak izan baitira betidanik genero hau lan horietan jarduteko emakumeak hala hezi dituztenak». Are gehiago, bere aburuz, emakumeei zaintza lanetan aritzeko dohainak dituztela barneratu zaiela helarazi du, eta era berean gaineratu du: «Denborak aurrera egin ahala —zorionez, baieztapen hau hautsi arren—, sistema patriarkalak bere horretan jarraitzen du eta guzti honi bira ematea ez da erraza, baina horretan dihardugu»
Eta talde feministek, zer? Zaintza lanen feminazioaren irakurketa aberats bat egitea xede, Galdakaoko Mozoilo Moreak eta Usansoloko Talde Feministaren iritziak eta ateratako ondorioak bildu ditu Binkek.
Talde galdakoztarrari dagokionez, argi adierazi dute ez zaiela erraza egin haien jardunarekin jarraitzea krisialdi garaian, eta horren ondorioz, hasiera batean zeramaten martxa mantsotu egin da itxialdiaren erruz, «buruan genituen hainbat proiektu eten eginez», azaldu dute. Hala ere, eta haien jarduna geldoagoa bihurtu bada ere, tinko jarraitu dute lanean, beste hainbat ekintza aurrera eramanez. Horren adibide garbiak izan dira, besteak beste, «izan mozoilo, mozoloa izan gabe» kanpaina, konfinamendu feministaren dekalogokoa, etxeratze behartuan emandako erasoen mapa, edota Euskal Herriko neska gazteen* bideoen erronkan parte hartzea.
Erreportaje honen gai nagusiari tiraka, zaintza lanetan emakumeen presentzia gizonena baino handiagoa izatearen arrazoia «emakumeek zaintza lan hori barneratuta dutelako» dela adierazi du Mozoilo Moreak taldeak. Talde honen ustetan, boluntario lana estuki loturik baitago zaintzarekin, eta haien ustez, «emakumeoi gizarteak rol hori txikitatik inposatu digu». Gainera, argi azpimarratzen dute «zaintzaren krisia, Covid-19aren krisia baino lehenagoko afera dela», baina era berean gehitu du taldeak «krisi sanitario honek sistema kapitalista patriarkalaren krisi estrukturala agerian baino ez duela utzi», hau da: krisi soziala, krisi ekologikoa, krisi ekonomikoa, zaintza krisia kasu.
Era berean, argi eta garbi nabarmendu dute Mozoilo Moreakekoek: «Kolokan dagoen sistemaren zirrikituak mahai gainean jarri behar dira, bizitzak erdigunean jarriko dituen eredu bat lortu nahi bada». Haiek diotenaren arabera, «bizitza erdigunean kokatzeak gizartearen egituraketa osoari eragiten baitio». Hau esatearekin batera, tinko salatzen dute bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa dela, eta «elkar zaintzan oinarrituko diren harremanak eraiki behar direla, bide honetan lortuko baita zaintza lana eremu pribatutik ateratzea eta honi guztiari bira ematea».
Azkenik, krisi honek ikuspuntu feminista batetik eragingo dituen ondorioak zeintzuk izango diren galdetzean, gizarte are eta prekario bat ekarriko duela eta kaltetuen irtengo den subjektuetako bat emakumea izango dela diote. Honen aurrean, «lanean jarraitzea beharrezkoa da», haien ustez, «hau baita bide bakarra bizitzak kapitala gailendu ahal izateko».
Usansoloko Talde Feministak ere arazoak izan omen ditu bere jardunarekin jarraitu ahal izateko, eta martxorako zein hurrengo hilabetetarako antolatuta zituzten ekintza guztiak bertan behera utzi behar izan zituzten zoritxarrez. Talde honen esanetan, talde txikia izatearen zama, krisia hastearekin batera handitu egin zen, eta ezinezkoa ikusi zuten pentsatuta zituzten ekintzekin aurrera jarraitzeko.
Boluntario sarean dauden datuei erreparatuz eta ikuspuntu feminista batetik aztertuz, haien ustez, «historikoki emakumeak izan dira zaintza lanez arduratu direnak», eta horregatik gaineratu dute «ez dela harritzekoa konfinamenduan egoera hau areagotu izana». Hau esatearekin batera, argi adierazi diote Binkeri «gizarteak txikitatik inposatzen diola emakumeari zaintza lanetan aritzearen rola».
Usansoloko Talde Feministaren ustez «erresidentziako langile, garbitzaile, edota etxeko langile bezalako zaintza lanak feminizitatuak izan dira betidanik, gizarteak emakumeen eskuetan utzi baititu beti, emakumea zaintzaren oinarri bihurtuz». Hala ere, irmoki diote «Covid-19ak agerian utzi duela aurretik aipatutako guztia eta birusa baino, arazoa sistema dela». Arazoa sistema izatearen iritziagatik galdetuta, Usansoloko taldeak zehaztu egin du salaketa: «Sistema honek argi utzi du emakumeek bizi duten egoera prekarioa okerrera joan dela».
Amaitzeko, eta Mozoilo Moreak taldeari egin bezala, ikuspuntu feminista batetik krisiak eragingo dituen ondorioen galderari helduz, usansolotarren ustez «krisiak feminismoaren baitan dagoen krisi larri bat areagotuko du aldi berean», izan ere, talde honen esanetan «emakumeen antolaketa zailago bihurtzearekin batera, krisi garaian ez baita erasoen kopurua jaitsi, eta zaintza lanen kontzeptua emakumeengan erroturik jarraitu du». •
Covid-19 eta emakumeak
Galdakaoko Udalaren Berdintasun Arloa
Covidaren pandemia aztertzeko, ezinbestekoa da sortzen duen genero-inpaktuaren irismena ezagutzea eta krisiaren erantzunean txertatzea; izan ere, krisi honek, bere ezaugarriengatik, desberdin eragin die emakumeei eta gizonei. Egia esan, pandemia honek modu esponentzialean baino ez ditu zabaldu gure gizarteak lehendik zituen gabezia eta disfuntzio guztiak eta feminismoak historikoki salatu dituenak.
Greba feminiztaren deialdia 2018an «Emakumeak gelditzen badira, mundua gelditu egiten da» lelopean izan zen, eta hori berori izan da, hain zuzen ere, neurri handi batean, ikusi duguna: emakumeen lana, ordaindutakoa eta ordaindu gabea, ezinbestekoa dela gure gizarteari eusteko. Beraz, alde batetik, azpimarratu da ordaindu gabeko lana nagusiki emakumeek egiten dutela, eta horiek zainketekin lotutakoak direla, eta ordaindutako lanari dagokionez, datuek honako hau diote: zainketekin lotutako lanbideak emakumeek garatzen dituzte gehienbat.
Gure etxeetan konfinatuta bizi behar izan dugun hilabeteotan, amek, alabek eta ahizpek egiten dituzten ordaindugabeko zaintza lanak ezin izan dituzte egin, eta ondorioz, gizarteak eginkizun horiek bete zitzakeen boluntarioetara jo behar izan du, administrazioek ere itxi egiten zituztelako zaintzarako zerbitzuak —eguneko zentroak, haurtzaindegiak, etab.—.
Egoera horretan, genero-rolen banaketaren ondorioz, berriz ere emakumeek hartu dituzte beren gain boluntario-eginkizun horiek, batez ere arreta- eta zaintza-beharrak dituzten adinekoei arreta emateko. Hori guztia ez da dohainik atera, eta ondorioz, emakumeak izan dira Covid-19az gehien kutsatu direnak, eta hori, argi eta garbi, gaixotasunarekin maiztasun eta intentsitate handienarekin kontaktuan egon direlako gertatu da.
OMEren txostenek jada aztertu zuten hori Afrika mendebaldean eragindako Ebola birusaren krisialdian, 2014tik 2016ra. Bertan, genero-arauen arabera, emakumeek aukera gehiago zituzten birusak kutsatzeko, batez ere zaintzaile gisa eta lehen mailako arreta medikuko langile gisa zutelako eginkizun nagusia. Hau guztia ez dute behar bezala aztertu agerpen publikoetan herritarrei informazioa eman dieten agintariek, datuak sexuaren arabera banakatu gabe eta horri buruz hausnartu eta konponbiderik proposatu gabe.
Eta orain, badirudi osasun-krisia gainditzen ari garela, beste krisialdi batean murgiltzen ari gara, krisialdi ekonomikoan —atzeraldi ekonomikoan ez bada—. Erne egon behar gara eta neurriak ezarri behar ditugu pobrezia feminizatuago egon ez dadin eta berdintasunaren aldeko lorpenetan atzerapausorik ez izateko, krisi-garaian gertatzen diren hiru jarraibide historikori aurre eginez: «Lehenengoa da krisialdietatik emakumeen lana areagotuta ateratzen dela, ordaindutako lana eta, batez ere, ordaindu gabeko lana barne hartuta. Bigarrena, krisiaren ondoren, gizonen enplegua emakumeen enplegua baino lehenago berreskuratzen dela beti, eta azken hori krisia hasten denean baino are prekarizatuago amaitzen dela beti; eta hirugarrena, krisialdietatik ateratzen dela garai onetan lortutako berdintasunaren aldeko aurrerapenen atzerapausuekin». Azken testu hau Lina Gálvez eta Paula Rodriguezen «La desigualdad de género en las crisis económicas» liburutik ateratako pasartea da.
Beraz, azter ditzagun errealitate hauek eta kontutan har ditzagun:
- Zainketa lanak gaur egun emakumeen eskuetan daude eta esfortzu eta balio handiko lana da.
- Lan hauek, neurri handi baten ez ordainduak dira.
- Ikustarazi behar da: izendatzen ez dena ez da existitzen.
- Krisialdi ekonomikoari aurre egiteko emakume eta gizonen egoerak ezberdinak azter ditzagun, hau da, genero ikuspegia txertatu.
- Bila ditzagun konponbideak: sistemaren akatsa da, alda dezagun sistema.