Sabin Bikandi: «Talibanenak be berrasmatu egiten dau gure tradizioa»
Sabin Bikandi, tanborrerue
BINKE / 2019ko otsaila
«Talibanenak be berrasmatu egiten dau gure tradizioa»
TESTUAK: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Julio Legarretaetxebarria
Berrogeita hamar urte bete zituen egunean bertan eman zioten Bartzelonan Arte Eszenikoen Max saria. Nori eta txistulari bati. Bakarra munduan. Baina ez da gutxiagorako, gutxi izango direlako Goi Mailako doktore izan eta txistu zein etnomusikologian masterra duenik. Berak bai, eta hori gutxi balitz, galdakoztarra da! Bere agenda estuan lekutxoa egin eta Santa Maria elizaren aurreko dantzariaren bueltan batu gara hitz eta pitz aritzeko.
Askok esango dute dantza eta musikatik ezin dela bizi. Eta nondik bai? Gaur egun injenieroek be gatx daukie gura daben horretatik bizitzeko! Ez da erreza bizimodua zure neurrira ataratea, baina musika eta dantzak askorako emoten dau, eta lan egin ezkero lortu zeinke musika eta dantzatik be bizitzea.
Bi kontzeptu horrek lotuta doaz ezinbestean? Urteak kostatu jat horretaz konturatzea, baina bai. Gure hezkuntza sistemak musika eta dantza banatuta irakasten dauz, baina herrialde askotan Musika Eskolak dantza eskolak be badira.
Dantzarako jotzen duen musikariak, dantzan ere jakin beharko luke? Bai, duda barik. Kontzertuen kontzeptua oso modernoa da. Gure aitite-amamak lehen, urtean oso oso kontzertu gutxira joaten zirean. Apenas ez zan kontzerturik egoten, musikariak jendartean, dantzarien artean eta dantzan be ibiltzen zirean. Eta askoz hobeto jotzen eban dantzan ekien musikariak. Areago, lehengo musikari asko dantza-maisuak be izaten ziran. Zozergatik izango zan!
Zuk dantzan badakizu ala? Zozertxu bai! Alejandro Aldekoagaz hasi nintzan pauso batzuk ikasten eta gehiago ikasi gura izan nebanean konturatu nintzan Galdakaon errazagoa dala dantza flamenkoak, sevillanak eta antzekoak ikastea euskal dantzak ikastea baino.
Andra Mari Dantza Taldean ibili zinen eta! Bai, lehenengo Soiartze Artetxeri eskatu neutsan klase batzuk emoteko. Harek ez eustan kobratu gura, nahiz eta nik baietz esan —ingelesa edo matematikak ikasteagatik ordaintzen bada, gure dantzak ikasteagatik, zergaitik ez?— eta beragaz tartetxo baten ibili ostean gero Jon eta Mikel Zamalloaren bitartez hasi nintzan Andra Mariko musikarien «bankilloa berotzen».
Baina zure helburua Andra Marin dantzan ikastea zen? Hasieran bai, musikari nahikoa ekiten neutsan-eta Andra Maritik kanpo be, baina taldetik dantzan ikasi gura neban, eta orduantxe hartu ninduan Kepa Ajuriak. Beragaz hasi nintzan pauso gehiago ikasten. Andra Mari asko zan eta da niretzat.
Musikari lanetan baina, askoz lehenago hasiko zinen… Bai, musturra batean eta bestean sartzen, unibertsitatera heltzea itxaron barik. Jendeak, orokorrean, unibertsitatea amaitu arte ez dau lan egitean pentsatzen, eta gero lan bila zoazenerako normala berandu egitea…
Zuri ez zitzaizun ba berandu egingo! Ez! (irribarretsu) Egin kontu, ni neu Maximo Moreno zanagaz hasi nintzan txistua ikasten, eta bera hil zanean herentzian Musika Eskolako txistu klaseak nik emotea utzi eban. Holan ba, 15 urte neukazala ikusi neban nire burua irakasle lanetan. Eta horrexegatik gero Kontserbatorioan izena emon neban, solfeoa ikasten hasi nintzan, hainbat ikastaro eta Goi Mailako ikasketak egin nebazan. Hortik aurrera batetik eta bestetik lan egiten eta ikasten nabil.
Orain ere Korrika Kulturalerako ikuskizun batekin ariko zarete han eta hemen, ezta? Bai, Garaikideak taldea sortu dogu Aikoren bitartez, lau musikari eta sei dantzarigaz. Zozer desberdina egin gura genduan. Gure erromeriak oso produktu definitua bihurtu dira, nahiz eta gure asmoa «mundu guztiantzako» zozer egitea izan, emoten daualako Aikoren erromeriak dantzan dakian jendearentzako baino ez doguzala egiten. Eta Garaikideak proiektuagaz ikuskizun bat eskaini gura dogu, dantzan ez dakien horrek be gure dantza eta musikaz gozatu dagian.
Zergatik Garaikideak izena? Ba gure dantza eta musikea, antzinakoak badira be, gaurkoak dirala aldarrikatu gura dogulako. Gaur gabiz dantzatzen eta jotzen, eta gu gaurkoak gara.
Baina zu zeu folklore tradizionaletik zatoz… Bai, baina horrek ez dau esan gura tradizio kontzeptua zuri-baltzeko erretratu bat danik. Tradizioa bizirik dago gaur egun, bizirik gagozanok egiten dogulako, eta bizirik dagoan edozer gauza eboluzionatzen doalako guratan edo gura barik.
Iazko ekainean Kepa Artetxe dantza-maisua elkarrizketatu genuen atal honetan bertan, eta hark esan zigun gure iraganari errespetua zor diogula, etorkizuna galdu ez badugu behintzat. Ados nago baieztapen horregaz, baina nire ustez ezin dogu erratu «iragana errespetatzea» dantzan edo musika egiteko era «fotokopiatu» behar izateagaz. Gure kulturaren transmisioan ez da «fotokopiarik» existitzen. Talibanenak be, gura barik, berrasmatu egingo dau musika edo dantza. Saihestezina da, bakoitzak gure ohiturak modu batean jaso eta ziurrenik beste batean interpretatuko dauzelako.
Zelan eta zergatik sortu zenuten Aiko? Bilbao Musikan zuzendari amaitu nebanean eta okupatuta egoteko «terapia» baten bila hasi nintzanean konturatu nintzan jende heldu asko egoala dantzan ikasi guran, baina ezin ikasi, dantza taldeetan agian eurentzako lekurik ez dagoalako. Eta orduantxe sortu genduan Aiko, dantza eta musika bat eginda ulertarazita.
Aikorekin buru-belarri zabiltza, ezta? Bai, zintzotasunez esanda, Aiko nire «tanborreru» izateari zentzua emoten deutson taldea da. Eta gaur egun, zorionez, nire bizimodua be bilakatu dana, Bilboko Txistu Bandako kidea izateaz gain. Hori XXI. mendean gauza handia da. Niretzako, milagroa!
Zergatik izendatzen duzu zure burua «tanborreru»? Zentzu gehiago hartzen deutsalako berba horrek nire beharrari, gaur egungo txistulariek egiten dabenagaz alderatuta. Orain txistua jotzen daben asko «txistularriak» edo «tristulariak» dira. Ez da patxadaz jotzen, eta zer esanik ez danbolina jotzeko moduaz. Txistulariok zozer badaukagu, erritmoa aldi berean eroateko danbolina da, eta horretxek markatzen dau dantza, lehen egiten zanaren antzera. Eta nik dantzarako batez be jotzen dodanez, tanborrari emoten deutsat inportantzia asko.
Zelan ikusten duzu Txistu Banden egoera eta maila? Txistu bandak eta txistulariak, orokorrean, konplexuz betetako koordenada baten barruan ikusten dodaz. Danak alkarregaz eta ez dakit nongo errepertorioa jotzen, gure instrumentuak berak daukan ezaugarri eta indar barik.
Zer esan gura duzu horrekin? Haizezko edozein instrumentu jotzen dauan munduko beste puntatik musikari bat etorriko jatzu eta gaurko txistulariek jotzen dabena aise joko deutsu; baina ez hemengo ezta hango haizezko musikari batek be ez deutsu jakingo dantzari batentzako patxadaz jotzen. Horixe da txistulariek izan beharko leukien ezaugarria, eta Txistu Bandetako gehienek egiten ez dakiena. Ni neu sikieran ez naz egundo be joango herriko Txistu Banda bat entzutera. Gehiago esango dot: txistua bakarrik jotzeko instrumentu bat da, ez «artaldean», danak bardin «mozorratuta» eta indar barik.
Ez zaizu iruditzen trikitiak garai berrietara egokitzen jakin eta txistua atzean gelditu denik? Orain dala urte batzuk agian baiezkoa erantzungo neban, baina ez dot uste holan danik, txistua eta trikia sikieran liga diferenteetan dagozalako. Egia da trikitixa munduan gazteentzako eredu diran figura gehiago dagozala, sistema komertzialean sartu diralako, baina ez nau horrek arduratzen. Gainera egiten dabena musikalki oso sinplea da —egiten dabenari meriturik kendu barik—. Trikia modan dago orain, txistua aldiz ez. Baina modan ez dagoanak inoiz ez dau izango modaz pasatzeko arriskurik… azaldu naz?
Zer du oraindik Sabin Bikandik eskaintzeko? Euskal instrumentuak ideologia edo politika kontuetatik aldentzea gustatuko litzakit, azken finean danok lotu izan dogulako txistua alde bategaz, txalaparta, alboka edo trikia beste alde bategaz… Eta horretaz gain hainbat proiektu daukaguz orain eskuartean. Baina hori baino garrantzitsuagoa dan zozer eskaini gurako neuke nik: erakutsi, transmititu eta nik dakidan guztia nigaz bakarrik joan ez daitela. •