Mikel Cortés Medina, Koreako galdakoztarra
BINKE / 2021eko uztaila

«Errespetuak hemen, Korean, Euskal Herrian baino balio handiagoa du»

Sortzez: Galdakaokoa, Zabalea auzokoa.
Gaur egun: Seoul Mapo-gun, Korean.
Jaiotza urtea: 2000.
Ikasketak: Lidergo Ekintzailean eta Berrikuntza Mondragon Unibertsitatean.
Zertan dabil: Bere ikasketekin lotutako proiektuei azken bultzada ematen.

Zerk eraman zintuen herritik alde egitera? Ikasketek. Ari naizen graduan urtero egiten dugu alde herrialde desberdin batera bigarren lau hilabetean. Bidaia hauen helburua herrialde berritzaileetan bertako kultura, enpresa-sareak eta ekintzailetza ikastea izan ohi da, hala, hauetako bakoitzean gure proiektuak bertan ezarriz. 

Zeintzuk dira bizi izan dituzun aldaketarik nabarmenenak? Hilabete luzez etxetik kanpo bizitzak hamaika aldaketa dakartza ondotik. Familia, lagunak, ingurukoak,… «confort» eremutik behingoagatik irten eta nahitaezkoa izan dut giro ezezagun batera moldatzea, batez ere bertako kulturara. Horren adibide dira, esaterako, haien artean duten errespetua, hizkuntza edota jakiak ere bai. 

Zer du zure oraingo herriak, Galdakaok ez duena? Eta alderantziz? Metro ederra dago hemen, han ez bezala (barreka). Tira, txantxak alde batera utzirik, mundu mailan biztanle gehien dituen hirugarren hiria da hau, 23 milioi biztanlerekin. Hortik at, nabarmendu nahi nuke gure kulturarekin alderatuz gero, errespetuak balio handia duela herrialde honetan, esaterako, pandemia garaian bete-betean betetzen ari dira herritarrak arauak, han ez bezala. Bestalde, sentitu dut hiri handia izan arren naturari berebiziko garrantzia ematen dietela ere bai, eta hainbat dira bertan aurki daitezkeen mendi, landa-eremu edo paseoan aritzeko ibilbideak. 

Zeren falta sumatzen duzu han? Tira, klasekideekin bizi banaiz ere, sarri askotan gogoratzen naiz Galdakaoko lagunez, askotan somatzen ditut faltan hauek. Gainera, nire familia ez ikusteak nostalgia antzeko bat eragiten dit.

Zer gomendatuko zenioke zure herritar bati, han bisitatzeko? Asia herrialde zoragarria da. Aldi baterako bertakoaz ahaztu nahi duen orori gomendatuko nioke hau: teknologia berritzaileak, tenplu tradizionalak, hemengo kulturan ohikoak diren jaki eta merkatuak,… Nik, pertsonalki, Jeju uhartea bisitatzea gomendatzen dut: ur-motorrarekin ibiltzeko, urpekaritzan edota «hondartza paradisiakoetan» ibiltzeko.

Gure herriaz hitz egiten badiezu hangoei, zeren inguruan aritzen zara bereziki? Atzerrian ezagutzen dudan pertsona orori gomendatzen diot Euskal Herrira bisita egitea. Hala ere, gutxi dira gure herriaren inguruan ezer dakitenak. Nik, esaterako, Euskal Herrian ohikoak diren jakien inguruan, edota ohikoak diren tradizioen bueltan aritzen naiz bertakoekin.

Zeintzuk dira zure etorkizunerako asmoak? Unibertsitateko azken urtea egitea, ezeren aurretik. Bestetik, egindako bidaia eta izandako esperientzia berri guztiekin, aurrera begira proiektu berriak egiteko gogotsu nago. Ez dakit zehazki zertan arituko naizen hemendik eta urte batzuetara, baina argi dut nola egin nahi ditudan gauzak, eta hala jarraituko dut, orain arte bezala, gozatzen, ikasten eta ilusio osoz!