Etorkinak
BINKE / 2019ko urria

Etorkizuna eraikitzeko etorkin

TESTUAK: Irati Bediaga Rementeria
ARGAZKIA: Gotzon Almaraz

Aniztasuna eta dibertsitatea nabariak diren gizarte batean bizi garela ebidentzia bat da. Gure kaleetan kultur aniztasuna gero eta zabalagoa da, gero eta gehiago dira arrazoi ezberdinak direla medio beraien aberria atzean utzi eta Euskal Herriko txoko ezberdinetan oraina eta etorkizuna eraikitzen hasten direnak. Guk sarriegi gurera etorri diren horien eskaparatea ikusten dugu: etorkin bat. Baina zer du «etorkin» eskaparateak bere ganbaran? Zein beldur? Zein ilusio? Zein istorio? Eta zer kontatzeko?

Galdakaon eta Usansolon ere baditugu munduko hainbat txokotatik etorri diren herritarrak. Beraien «etorkin» eskaparatea gainditu eta bakoitzaren ganbara ezagutzen ahaleginduko gara: Hamidek —Maroko—, Mihaelak —Errumania—, Pierok —Senegal— eta Marciak —Nikaragua— beraien aberriko sustraiekin bidea egin zuten Galdakaoraino, bizitzaren bidea, dagozkion zulo, errebuelta eta tontorrekin. Ezagutu ditzagun, bada.

Bertako bizitza. Gure lau protagonistek oso gogoan daukate beraien jaioterrian izan zuten bizitza. Kasu batzuetan oparoa, beste batzuetan grisa, eta baten batena benetan krudela.

Pierok Senegalen emandako urteak irribarrez gogoratzen ditu: «Nerabezaroraino ikasi nuen eta ondoren, turistentzako gidari lez lan egiten hasi nintzen, artisautza denda bat ere banuen. Diru dezente irabazten nuen». Marciaren Nikaraguako bizitzak ordea, ez zuen horrenbeste dirdira egiten: «Bizitza xumea eta arrunta nuen, lanean ordu asko eta gainerakoan etxetik irteteko diru eta indar larregirik ez. Supermerkatu bateko kutxan lanean nengoen, hemengo 100 euro irabazten nituen hilean. Oinarri-oinarrizkoarekin bizi nintzen: janaria eta lotarako logela». Mihaelaren kasuan, Errumanian zeukan bizitza hein batean nahiko erosoa zen bere hitzetan «nire senarrak eta biok lan egiten genuen eta bere gurasoen etxean bizi ginen», baina bazuen «handicap» handi bat: «Nire lekua ez nuela topatzen sentitzen nuen, ezin nuela nire nortasuna guztiz garatu. Emakumea Errumanian oso baldintzatuta dago, herrialde oso matxista da». Hamid haurtzaroan zoriontsu bizi izan zen Marokon, eskolan eta jolasean pasatzen zuen eguna, ez zen asko bere herriaren egoera eta pobreziaz ohartzen. Nerabezaroan zabaldu zituen begiak eta gustura ez sentitzen hasi zen, orduan esnatu zen amets-gaiztoa: «Hamabost urterekin bi urte pasa nituen mugaldean bizitzen, Europa helburu nuelarik. Bi urte horiek benetan gogorrak izan ziren: kalean lo, poliziaren jipoiak jasan…».

Beraz, batzuen iragana gozoagoa, besteena gaziagoa, baina denek botatzen dute zerbait faltan hegaldia baino lehen habia izan zuten horretatik. Hamidek eta Marciak familia soilik sentitzen dute faltan, Piero haratago doa: «Familia, bertako kultura, elkarbizitza estua, hango janariak…». Mihaelak hango Aste Santuko eta Gabonetako ospakizunak botatzen ditu faltan: «Errumanian jai hauek sakonago bizi dira, ilusioa handiagoa da». Eta euskal lurretan gero eta urriagoa den elurra ere faltan du.

Erabakia eta bidaia. Erabaki mardula da ordurainoko bizitza atzean utzi, zure aberriari agur esan eta beste nazio berri batean haziak botatzea, zer erneko den argi jakin gabe. Ausardia erakutsi zuten gure lau elkarrizketatuek, kasu batzuetan oztopo handiegiei aurre eginez, baina ortzi-mugan beti ilusioa.

Mihaelaren kasua da ekimen eta ilusio horren adibide: «Zerbait berria bizi nahi nuen, zerotik hasi. Ezkondu berria nintzen, baina prest eta gogoz nengoen dena atzean utzi eta ate berriak zabaltzeko». Bakarrik etorri zen autobusean, baina hemen zeukan ama zain. Termibusera heldu baino arinagoko orduak soa leihoaren bestaldean iltzatuta, liluratuta, pasa zituela dio: «Arreta deitu zidaten hemengo paisaia berde eta errepide aurreratuek». Bidaian pasa zituen hiru egun luzeegien sentsazioa autobusetik jaitsi eta jarraian hartu zuen kafeak gozotu zuela oroitzen da: «Bizitzako kaferik onena, egun hartan, Euskal Herrira iristean, hartu nuen».

Hamiden bidaia ez zen batere erraza izan, oraindik ere gogorra egiten zaio gogoratzea: «Autobus baten behekaldean ezkutatuta pasatu nuen aduana eta ondoren, autobusa itsasontzian sartu zen. Estu eta larri ibili nintzen. Hasiera batean ez nuen buruan Euskal Herrira etortzea, Europa orokorrean nuen helburu. Baina Espainiara iristean bizi kalitate ona edukitzeko hona etortzea gomendatu zidaten».

Marciari ere, Nikaraguan bertan, Euskal Herrira etortzea aholkatu zioten, zehazki Bilbora, soldatak nahiko oparoak eta lana nahi beste zegoela arrazoituz. Hegazkinean egin zuen bidaia, baina berak ere ez zuen bide laua izan: «Turista bezala etortzera derrigortuta nengoen eta zer bisitatzeko asmoa nuen ere galdetu zidaten. Hori gutxi balitz, Europara bidaiatzeko baldintzatako bat karteran 1.000 euro zenituela erakustea zen».

Sasien artean ordea, bada arrosarik ere, eta hori da Pieroren kasua. Maitasuna izan zen mutila Euskal Herrira etortzearen arrazoia: «Senegalen galdakoztar batekin maitemindu nintzen, 2009. urtean ezagutu nuen. Hainbat aldiz etorri zitzaidan bisitan eta azkenean 2012an berarekin Galdakaon etorkizun bat hastea erabaki nuen». Hegazkinean etorri zen, baina berak ere diru dezente zuela demostratu behar izan zuen.

Egokitzapena. Beti da zaila egokitze-prozesua herrialde ezberdin batera zatozenean. Berau ez baitago hutsik, bere mamia du jada, gizarte ezberdin batera zatoz, eta gauza asko, neurri batean edo bestean, ezberdinak dira hartaz: eguneroko ohiturak, lan-orduak, harremanak, sozializazio-esparruak, araudi sozialak, hizkuntza…

Hamidentzako zailak izan ziren hasierak: «Adin txikikoen zentro batean egon nintzen eta bertako arauak, ordutegia… oso zorrotzak ziren. Gaztelania ere ikasi behar izan nuen, eta guzti hori gutxi balitz sukaldaritza klaseetara joaten nintzen». Baina esfortzuak ekarri zizkion bere fruituak bereber gazteari eta Galdakaoko Topa tabernan praktikak egin ostean, bertan hasi zen lanean. Orain beste bi lagunekin herriko pisutxo batean bizi da.

Hamidek Topa tabernan bertan ezagutu zuen gerora Marcia, bere lankidea. Emakumeak bidaia egin zuenean «onerako bezala txarrerako prestatuta zegoela» aitortzen du eta zortea izan zuela, izan ere, Nikaraguatik etorri eta bi aste ez ziren pasa Topan kontratatu zutenetik. Behin lana edukita, jarraian etorri ziren maitasuna eta maitasun honen ondorio, bizitza berri bat: Izar alaba.

Piero senegaldarra maitea jada hemen zeukala etorri zen, eta horrek bideak zabaldu zizkion: «Ez dut inolako zailtasunik eduki hona egokitzerako orduan, zabala izan naiz eta jendeak zabal hartu nau. Nire bikotearen familiak asko lagundu dit eta lagunak ere egin ditut». Arazo bakarra hizkuntzarekin izan zuela dio, baina orain gaztelania ederto daki eta apurka-apurka euskara ere ikasten badabil.

Mihaelak ere bazuen norbait hemen Euskal Herrira etorri zenean, ama. Eta ondoren, behin hemen hilabete batzuk pasata senarra ere etorri zitzaion Errumaniatik. Bi makulu hauek egoera erraztu bazioten ere, egokitze-prozesuan ez zuela oztopo handirik sentitu gogoratzen du: «Nahiz eta aldaketa oso handia izan, arin bertokotu nintzen. Argi neukan hasieratik elkarbizitza on baterako lekuan lekuko kultura errespetatzea funtsezkoa dela». Filosofia horrek asko lagundu zion, baita hemengo herritarren jarrerak ere: «Hasiera batean itxiak ematen baduzue ere, behin ezagututa euskaldunak oso adeitsuak eta konfiantzazkoak zarete». Lana ere, ez beti baldintzarik onenetan, baina uneoro izan du: «Momenturen baten hiru lan ezberdin burutzen ere ibili naiz. Gogoan dut nire lehenengo soldata alzheimerra zuen emakume nagusi bat zaintzen irabazi nuela. Esperientzia gogorra izan zen, baina era berean aberasgarria». Eta Pieroren antzera erronkarik zailena hizkuntzarekin izan zuen: «Frustrazioa eragiten zidan jendearekin ezin komunikatzeak. Baina urte erdi inguru pasa ostean nahiko ondo defenditzen nintzen gaztelaniaz. Orain erronka berria dut: euskara ikasi nahian nabil».

Beraz, laurek jakin dute beraien lekutxoa bilatzen Galdakaoko jendartean, are gehiago, Euskal Herriari alderdi onak bakarrik ikusten dizkiote Piero, Marcia eta Mihaelak. Azken honek adibidez, ospitale publikoetan eskaintzen diguten arreta ikaragarri ona azpimarratzen du eta hemen daukagun pertsonon arteko harreman estuak gustatzen zaizkio, baita janariari ematen diogun garrantzia ere: «Hemengo gastronomia asko gustatzen zait, eta mirestu egiten dut janariaren inguruan zer nolako pasioarekin hitz egiten duzuen».

Hamid da bakarra herriak ere bere alde iluna duela aipatu duena: «Gutxien gustatzen zaidana pertsona batzuengan nabari dudan arrazakeria da, magrebia izateagatik denok saku berean sartzeko ohitura txatxu eta mingarri hori».

Aurreiritzi eta aurre-ezagutzak. Geuk hona datozen pertsonen aurreiritzi eta aurre-ezagutza —ez beti zuzenak— ugari ditugu. Eta beraiek hona etorri aurretiko geure ingurukoak? Bada ere bai. Badago ere Euskal Herria existitzen ez zela jakin gabe etorri direnak ere, hau bera Hamiden kasua: «Marokon bizi nintzenean ez nuen inoiz Euskal Herriaren inguruko berririk izan, existitzen zela ere ez nekien. Europa eta Espainiaren inguruko aipamenak bakarrik entzuten nituen». Antzerako egoeran zegoen Mihaela hona heldu baino lehen ere, Espainiara zetorrela uste baitzuen: «Amak noizbait hitz egin zidan Euskal Herriaz, baina hona heldu arte ez neukan batere argi Euskal Herria zer demontre zen, Espainiaren kontzeptua bakarrik nuen buruan».

Beste bi protagonistek, egia edo gezur, zer edo zer entzunda zuten. Marcia Nikaraguan zegoela Euskal Herri osoari «Bilbao» deitzen ziotela dio, eta luxuarekin eta turismoarekin lotzen zutela: «Guggenheim museoaz, Kontxako hondartzaz… hitz egiten ziguten». Euskal Herria beraz pare bat perlatara mugatuta, ohartu ezinik bere osotasunean dela altxorra, bere tontor eta gabeziekin, jakina.

Pierori Senegalen Euskal Herriari buruz kontatu ziotenak ordea, perletatik asko aldentzen zen. Gure lurren inguruan heldu zitzaion ikuspegia ez zen batere errealista: «Leku arriskutsua zela eta kaleetan armekin ibiltzen zinetenaren ustea zegoen, uneoro gudan». Horrez gain, Senegalen bizi zen arren bazuen Euskal Herriarekin betidanik halako lotura bat: «Txikitatik izan naiz Athletic zale amorratua».

Aurreiritzi eta aurreikuspenetatik haratago baina, hirurak izan dira trebe hemengo errealitatean oinak jartzen, hemengo lurretara zabaltzen eta hangoa ahaztu barik bertokoa bizitzen. Sortu duten zubietan izan gaitezen geu ere elkarbizitzaren zutabe. •

Mihaela errumaniarra eta Piero senegaldarra.