Adinekoei zuzendutako lau ekintza antolatuko ditu Galdakaoko Udalak ekainean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakaoko Udalak adinekoei zuzendutako lau ekintza antolatuko ditu ekainean zehar. Hitzordu guztietan parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea eta hemen batu dugu horretarako jakin beharrekoa.
Urtean zehar hainbat ekintza eskaintzen die Galdakaoko Udalak herriko adinekoei eta ekainean ere hala izango da. Zehazki, lau saio antolatuko dituzte hilean zehar, hiru irteera eta tailer bat.
Bihar, ekainak 6, Gernika-Forua-Axpe mendi ibilbidea egiteko aukera izango dute. Beharrezkoa da aurretik izena ematea eta epea zabalik dago 30 lagunentzat.
Ekainaren 18an aldiz, bisita kulturala egingo dute Karrantzara, Pozalaguako kobara eta dolomita fabrika zaharrera. Izena emateko epea irekita dago, gehienez 53 lagunentzat eta jardueraren kostua 16 eurokoa da.
Hilaren 20an zailtasun txikiko txangoa antolatuko da Oriotik, eta honetan izena emateko epea ere zabalik dago gehienez 25 lagunentzat.
Bestalde, gimnasia aire zabalean egiteko tailerra eskainiko da ekainaren 10etik uztailaren 21era. Ikastaroak astean bi saio ditu kokapen bakoitzean:
- Ardantza parkean: astelehen eta asteazkenetan, 9:30etik 10:30era
- Urretan, Romualda Zuloaga plaza: astearte eta ostegunetan 10:00etatik 11:00etara
- Usansolon: asteazken eta ostiraletan 10:00etatik 11:00etara
Proposatutako jarduera guztietan, izena emateko lehen egunean, arreta ordutegia 08:00etatik 13:30era izango da; gainerako egunetan, Adinekoak Dinamizatzeko Zerbitzuaren bulego ordutegia 10:00etatik 13:30era izango da astelehenetik barikura, eta eguenetan 16:00etatik 18:00etara.