
EGITARAUA | Udazkeneko Sormene azaroaren 26tik abenduaren 2ra bitarte antolatuko da
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: EITB
Azaroaren 26tik abenduaren 2ra bitarte antolatuko da aurten udazkeneko Sormene, egitarau zabalarekin. Transmisioa izango da ekimenaren oinarria eta ildo honetan Romualda Zuloaga panderojole galdakoztarra protagonista izango duten saioak antolatuko dira, besteak beste. Albiste honetan batu dugu egitarau osoa, egunez egun.
Euskara hegemonikoa izango duen programa ardatz hartuta, euskara sormen genero berrietan txertatu eta emakumeek kulturaren transmisioan izan duten funtzioa erakustea izango du helburu Sormeneren aurtengo udazkeneko ekinaldiak. Azaroaren 26tik abenduaren 2ra bitarte antolatuko da eta egitarau zabala izango du oraingoan ere.
Ikasleekin eta gurasoekin lanketa egiteko askotariko ekitaldiak prestatu dituzte antolatzaileek, besteak beste, irakurtaldi komunitarioa, pandero-tailerrak, kantagintzari buruzko hitzaldia gurasoentzat, ikerketa-lanen aurkezpenak, bertso-saioak, antzerkiak eta bakarrizketak.
«Ahozko transmisioan jarri da begia. Izan ere, betidanik nagusiki ahozkoa izan da kulturaren transmisioa, baina duela mende erdi eta orain ezberdin prestatzen dugu gure burua ahoz komunikatzeko», adierazi du Udalak. «Ahoz edo idatziz, transmisioa behar du kulturak: artistek entzuleei, irakasleek ikasleei, gurasoek seme-alabei… gaur arte nagusiki ahozkoa izan baita kulturaren transmisioa, baina forma berriak aurkitu beharrean gaude. Behar horretan arakatzera dator Sormene», azaldu du.
Egiteko honetarako hau izan da prestatu duen egitaraua, egunez egun:
Azaroak 26, 28 eta 29
12:00 Gandasegin, Urretan, Aperribain eta Eguzkibegin Pandero tailerrak Maixa Lizarribarren eskutik, Lehen Hezkuntzako 5. mailako Galdakaoko ikastetxe guztietako ikasleei zuzenduta.
Azaroak 29, barikua
18:00 Gontzal Carrascoren ‘Romualda Zuloaga. Panderoaren bidaia hilezkorra’ liburuaren irakurtaldi komunitarioa Iturrondon. Parte-hartzaileak: Romualdaren familia, Gontzal Carrasco liburuaren egilea, Andra Mari dantza taldea, Bekeako bizilagunak, Leidu irakurketa taldea, Erabide elkartea, Euskal Herriko Trikitilari Elkartea eta Galdakaoko Udala.
Ondoren, Euskal Herriko eta Galiziako emakumezko pandero-joleak eta perkusio-joleak: Amaken kolaborazioa eta Antia Muiñoren kontzertua.
Azaroak 30, zapatua
Goizetik iluntzera ‘Egunerokoan euskara gehiago erabiltzeko prest nago…’ ekimena, Iturrondo plazako karpan, Bagabiz Euskara Ekarteak antolatua. Aurreko esaldia amaitzen duten guztiei euskarazko liburu berria oparituko zaie. Ondoren, konpromiso guztiak koaderno batean jasoko dira.
12:00 ‘Eguerdi filosofikoak’, Iturrondo plazako karpan. Zergatik ez dugu pentsatzeko denbora hartzen? galderaren inguruan arituko dira Iñigo Martinez Peña filosofia irakaslea eta idazlea, Andoni Egaña eta Alaia Martin bertsolariak. Musika sorkuntza: Elene Uribarri eta Beñat Armentia. Mikro irekia.
18:00 ‘Euskara (b)ere saltsan jaialdia’ Divenireren eskutik. Goxua’n Salsa taldearen kontzertua.
Abenduak 1, domeka
20:00 Jon Ander Urrestiren ‘Eukalyptus’ antzerkia, Torrezabalen.
Abenduak 2, astelehena
18:00 ‘Baga, Biga, Higa’ Eñaut Elorrieta eta Mikel Markez Euskal kantugintzaren historian zehar ibilbide bat, Iturrondoko karpan. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako gurasoei zuzenduta.
Bestalde, Romualda Zuloaga panderojole galdakoztarraren omenezko murala inauguratuko du zapatuan, azaroak 23, Erabide Emakume Elkarteak eta honetara batuko da Sormene. Halaber, abenduaren 3an Euskararen Egunaren harira egingo diren ekintzekin bat egingo du.
