Gerrako turismoa Galdakaon
TESTUA: Nagore Ferreira Zamalloa (Galdakao Gogora)
ARGAZKIA: Indalecio Ojangurenek Galdakaon ataratako Burdin Hesiaren erretratuak (Gipuzkoako Artxibo Orokorra).
DOKUMENTUA: Burdin Hesia gorde eta babestea eskatzen daben agiria.
1936ko urriaren 9an, Eusko Jaurlaritza sortu eta handik egun bira, ferra itxurako defentsa-lerroa eregiten hasi ziran. Helburua Bilbo eta haren inguruko industriaguneak babestea zan.
Burdin Hesia esan eutsien eraikuntza hareri. Ezin izan zan sasoiz amaitu, eta ez eban bere helbururik bete be. 1937ko udabarria gogorra izan zan Bizkaian, Galdakao bera eta beste hainbat herri bonbardatu ebezan-eta. Bagilean, bai Galdakao bai inguruko herriak, tropa nazionalen esku egozan.
Handik hilabete gitxira, urrian, Galdakaoko Udalak gutun bitxi bat jaso eban, Altxor Artistikoa Berreskuratzeko Zerbitzuko komandante buruarena, hain zuzen be. Eskaera argi bat egiten eban komandanteak: Burdin Hesia gorde eta babestea, be bai aterpe eta bestelako eraikuntzak, ahal danik eta ondoen eta arinen. Eta apurtuta egoana, konpondu, hori be eskatzen zan.
Nazionalen eraso eta bonbardaketen aurretik eban itxurea berreskuratu gura eben. Zer dala eta horrenbesteko ardurea eta interesa? Ba, asmoa gerraosteko turismoa antolatzea zan, eta bide batez frankisten gerra-ahaleginak agerian itxi eta harro erakustea.
Edozelan be, agindua ailegau zanerako, tropa frankistek eurek, gitxienez, kilometro bi lubaki hondatu ebezan, eta hainbat enbor eta alanbre-hesi eroan. Horixe erantzun eutson orduko alkateak, kalte asko egozala baina beteko ebela eskatutakoa. Urte gitxi batzuren ostean, halanda be, metrailadore-habi ia danetako teilatuak txikituta egozan, barruan eukezan burdinezko zatiak kentzeko.
Makina bat urteren ostean, Burdin Hesia babestu eta berreskuratzeko ahalegin handiak egin dira gure herrian, baita ingurukoetan be, baina danok dakizuenez asmo guztiz diferenteagaz.