Adiskide Pilota Elkartearen 50. urteurrena ospatuko dute domekan, jai bereziarekin

Argazkia: Adiskide Pilota Elkartea.

Aurten 50 urte bete ditu Adiskide Pilota Elkarteak eta hau ospatzeko zenbait ekintza antolatu ditu. Besteak beste, jai berezia eskainiko du domekan, belaunaldien arteko partidak eta bazkari herrikoiarekin.

Adiskide Pilota Elkarteak 50. urteurrenaren ospakizunekin jarraitzen du. Aurreko asteburuetan emakumezkoen eta gizonezkoen elite mailako finalerdiak lehiatu dira Kurtzeko frontoian eta barikuan, azaroak 7, finalak jokatuko dira.

Bestalde, klubaren 50 urte hauetako une garrantzitsuenak batzen dituen argazki-erakusketa antolatu du Torrezabal Kultur Etxean eta azaroaren 7ra arte ikusgai dago.

Azkenik, jai berezia antolatuko du Adiskidek domekan, Kurtzeko frontoian 10:30etik aurrera. Belaunaldien arteko kinielek emango diote hasiera ospakizunari eta hauek amaitu ostean bazkari herrikoia eskainiko du elkarteak. Bazkarian parte hartzeko izena eman behar da aurrez, frontoira gerturatuz edo adiskidepelota@gmail.com helbide elektronikora idatziz.

Eguna musikarekin amaituko da eta herritarrak parte hartzera animatu ditu Adiskidek: «Erdu ondo pasatzera!».