Ainhoa Alvarez eta Alazne Gomez: «Gaur egun oraindik gure lana ia ikusezina da»
Ainhoa Alvarez eta Alazne Gomez, Athleticeko jokalariak
BINKE / 2016ko apirila
«Gaur egun oraindik gure lana ia ikusezina da»
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Gotzon Almaraz
Imajinatu, irakurle, hilabete honetako elkarrizketatuen izen eta argazkiak ez dituzula oraindik ikusi. Bada, has gaitezen. Athletic Cluben lehenengo mailako bi jokalarirekin gelditu gara herriko taberna batean solasaldia izateko. Imajinatu orain atzetik segika izango zituzten herritarrak: eurekin argazkiak atera guran batzuk, sinadura eskean beste batzuk, edo mila galdera egiten astunen bat edo beste.
Baina ez. Athleticekoak bai, lehenengo mailako futbolariak ere bai. Baina emakumeak dira, eta dauden lekuan egoteko egunero egiten duten lana ez dago gizonezkoen onarpen sozialaren parean. Eta horren adibide da euren sakrifizioak gizartean duen fama.
Ainhoa Alvarez (Galdakao, 1994) eta Alazne Gomez (Galdakao, 1993) galdakoztarrak dira hilabeteko protagonistak. Hala ere, aurreko esaldietan aipatutako ospeak ez die askorik ardura. Ez doaz horren bila, futbolaz gozatzera eta tituluen bila baizik, baina emakume eta gizonezkoen arteko diferentziaz berba egitea ezin izan dugu saihestu. Horren inguruan, bien arteko harreman bikainaz eta euren hastapenez aritu dira ezin modu umilagoan.
Eztabaida mahai gainean dago: noiz hasiko da jokatzen Athleticen emakumezkoen taldea ere San Mamesen?
Alazne Gomez (AG): Lehenago Lezama betetzea lortzen dugunean. Partida garrantzitsuak ez badira, Lezamako zelaia ere ez dugu betetzea lortzen. Umeek doako sarrera dute eta gainontzekoentzat 10€ko salneurria dute sarrerek, eta eskerrak ondo goazela ligan, baina hala ere… Jendeak athleticzalea dela dio, baina benetan mutilen taldearen zalea da, geu ere Athletic gara eta.
Ainhoa Alvarez (AA): San Mamesen jokatzea noski dela gure nahia, baina horrek asko exijitzen du, eta zaleen mentalitatea aldatu egin behar da. Emakumezkoena jokatzeko beste modu bat da. Ezin diguzu mutilen indarra eta abiadura eskatu. Eta askok alderatu egiten dituzte jokatzeko bi moduak.
San Mamesen momentu puntualetan bakarrik jokatzen baduzue ere, nesken norgehiagoka guztiak ez dira komunikabideen bitartez eskaintzen, ezta?
AA: Tira, egoera hobetzen ari da, orain ETB eta BeinSport hasi dira gure partidak telebistaz ematen baina egia da gaur egun oraindik gure lana ia ikusezina dela.
AG: Euskaltel ere sartu zaigu orain dela aste gutxi babesle. Orain arte pentsaezina zen hori! Eta orain dela urte batzuk neskek kobratzea ere, planteatu ezina.
Konparazioak gorrotagarriak dira, baina kobratzeaz ari garela, datutxo bat: gehien kobratzen duen emakume futbolaria Alex Morgan AEBtako jokalaria da, 2,7 milioi euro inguru kobratzen ditu urtero. Gehien kobratzen duen gizonezkoak, Cristiano Ronaldok, guztira 72 milioi euro inguru urtean. Matxismoaz hitz egin daiteke?
AG: Konparatzen jarriz gero, bizitzako arlo guztietan emakumeak gizonak baino gutxiago kobratzen du. Ez genuke horrekin konformatu beharko, baina egia da gure kirolaren kasuan gizonezkoen futbolak sortzen dituen irabaziak ezin direla emakumeen futbolak sortzen dituenekin alderatu.
Ez dituzue irabazi berdinak sortzen, baina medioetan «bonborik» ematen ez bazaio zuen kirolari, nekez jarriko zarete modan…
AG: Duda barik. Emakumezkoak gainera lehenengo postuan goaz Bartzelonaren aurretik. Horri telebistan minutuak emanez gero, agian jendea erakartzea lortuko genuke. Gaur egun ere, egunkariren bateko izkina txiki baten gure berri agertzen bada, pozik!
AA: Are gehiago, geu ibili behar gara ditugun baliabide urrietatik taldeari publizitatea egiten, jendea gure partidak ikustera etortzeko animatzen. Eta eskerrak oso ondo goazela! Bestela inor ez litzateke gure norgehiagokak ikustera etorriko… Hori bai, aipatu behar da gure ligan Athletic dela zale gehien dituen taldea.
Ziurrenik orain arte aipatutako denagatik behartuta zaudete zuen Athleticeko lana beste lan batekin uztartzera, ezta?
AA: Gure kasuan unibertsitatean ari gara ikasle. Ni Gasteizen nabil IVEF ikasketen hirugarren ikasturtean eta egunero Gasteizera joan-etorria egin behar dut kotxez. Eguerdian buelta, bidean zerbait arina jan eta Lezamara. Horrela ia egunero. 16:15etarako gimnasioan egon behar dut, entrenamendua hasi aurretik gimnasioan aritu behar garelako, batez ere lesioak ekiditeko.
AG: Lesioak aipatuta… ni kasualitatez sei hilabeteko baja amaitzen nabil. Belaunean ebakuntza egin zidaten eta orain errekuperazio lanetan nagoenez lehenago joan behar dut Lezamara. Sarritan 15:00etarako bertan egon behar izaten naiz, Bilboko Magisteritzatik irten eta jarraian. Baina tira, espero dezagun laster baloia ukitzen ibili ahal izatea!
AA: Baina orain gazteak gara eta pozarren gaude! Ahal dugun bitartean, aurrera! (irribarretsu)
AG: Egia da, ez dakigu zenbat eman ahal izango dugun bizimodu honetan (bizitza sozialik ere ez dugu eta) baina badira goi-mailako ikasketak dituzten taldekideak eta kirol-denda batean ari direnak lanean edo lanetik irten, ordu pare bat autoan lo egin eta entrenatzera doazenak ere. Athleticeko lan-orduek ez digutelako gehiagorako tartea ematen.
Hori bai sakrifizioa! Eta ziur askok futbolean aritzea amets izango dutela, baina esfortzu izugarria ekarriko du futbolaren goi-mailara iristeak!
AA: Sakrifizioa behin Athleticen egonda etorri da, baina gustura egiten dugun sakrifizioa, geure aisia lanbide bihurtu dugulako. Hona iritsi aurretik gozatze hutsagatik baino ez genuen egiten. Futbolean ikastolan hasi ginen, Alazne Lauaxetan eta ni Eguzkibegin. Gero Lanbide taldera pasa ginen eta neska bakarra nintzen hasieran, Alazne etorri zen arte. Orduan nesken taldea sortu genuen eta ordutik aurrera gure kontu aritzen ginen.
AG: Oso polita izan da beti Ainhoa eta nire arteko ibilbidea, beti elkarrekin aritu izan garelako futbolean eta inoiz ez gara haserretu! (barreka) Lanbidetik Artxandako La Merced taldera joan ginen eta hortik Athleticera joateko deitu gintuzten. Lehenengo Ainhoari eta gero neuri. Gaur egun Ainhoak lehenengo mailako fitxarekin denboraldi bat darama eta neuk hiru, baina Ainhoa neure kapitaina ere izandakoa da azpiko mailetan! (harro eta irribarretsu).
Zein unetan esan zenioten zuen buruei: «Neuk honetara iritsi gura dut!»
AA: Nik inoiz ez diot esan horrelakorik nire buruari. Gakoa bide horretan gozatzean dago, nire ustez. Gauzak ondo egiten saiatu bai, noski, eta gogor lan egin kirola egiten gozatzen duzun bitartean. Baina helburu tinko barik…
AG: Beno Ainho, baina Lezamara partiduak ikustera joaten ginenean zenbatetan esaten genion elkarri: «Jo, imajinatzen duzu gu hor egotea?» (barreka). Gurasoek jokalarien ondora eramaten gintuzten eta guk flipatu egiten genuen. Begira gaur ze ondo, eurekin batera jokatzen!
Eta hasi? Ikastolako patioan hasiko zineten… baina mutikoak nagusi ziren futbol zelaian muturra sartzea ez zen ba lan makala izango!
AA: Kontrakoa! Nik behintzat sekula ez dut arazorik izan mutilekin jokatzeko. Asko gainera ‘pikatu’ egiten ziren baloiarekin ondo moldatzen zen neska bat ikustean! (barreka) AG: Egia da, mutilen artean beti ibili gara gustura futbolean. Mutilak horretarako sinpleagoak dira eta ez dute inongo arazorik! Baina nesken artean beti ez da hori gertatzen… (isiltasun unea)
Aipatu ditzagun ba zuen une gogoangarriak!
AG: Espainiako Erreginaren Kopako finala galdu genuenean orain bi denboraldi, Ceutan Bartzelonaren aurka. Penaltietara heldu behar izan ginen eta bategatik galdu genuen azkenean. Zelako amorrua!
AA: Nik lehenengo urtean sufritu nuen lesioa izan zen, Athleticen sartu berri. Alazneren egungoaren antzekoa… Hasteko modu ederra…
Tira, une goxoagoak aipatuko zenituztela uste genuen… (biak barreka) Gehienak dira onak eta! Ezin bakarra aipatu!!!