Antzezlana eta zirku ikuskizuna hartuko ditu Torrezabalek asteburuan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Teatro Español eta El Gran Rufus
Teatro Españolek eta Sedak ‘En palabras de Jo… Mujercitas’ antzezlana eskainiko dute bihar, otsailak 25, Torrezabal Kultur Etxean. Halaber, aretoak Galdakaoko Banda Da Capo, Ana Fernández eta El Gran Rufusen ‘Zirku soinua’ ikuskizuna hartuko du domekan.
Ekainera bitarte, musika, dantza eta antzerkia uztartzen dituzten hamazortzi ikuskizun hartuko ditu Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxeak, Binkek jaso zuen moduan. Zehazki, asteburu honetan bi saio ikusteko aukera izango du publikoak.
Bihar, otsailak 25, arratsaldeko 20:00etan Teatro Españolek eta Sedak ‘En palabras de Jo… Mujercitas’ antzezlana eskainiko dute Torrezabalen. Lan honek Louisa May Alcotten lan ospetsuaren idazketa prozesua kontatzen du, ondorengo belaunaldietako hainbat emakumerengan eragin handia izan duena. Pepa Gamboaren zuzendaritzapean, María Pizarro, Paula Muñoz, Carolina Rubio, Andrea Trepat, Clara Sanchís eta Maite Sandoval aktoreak igoko dira eszenatokira.
Saio honetarako sarrerak eskuragai daude Torrezabalen eta webgunean 9 eta 12 euro arteko prezioan.
Domekan aldiz, 13:00etan, Galdakaoko Musika Da Capok, Ana Fernándezek eta El Gran Rufusek elkarlanean aurkeztuko dute ‘Zirku soinua’ ikuskizuna. Familiei zuzendutako saio honek zirku batean jaio zen Felipe gaztearen istorioa ezagutzera emango du kolorez eta ilusioz, haize-instrumentuen eta perkusioaren laguntzaz.