Argizai Eskaut Taldeak 40. urteurrena ospatzeko jaia antolatuko du bihar
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Argizai Eskaut Taldearen sareetatik
Aurten berrogei urte betetzen dira Argizai Eskaut Taldea jaio zenetik eta hau ospatzeko jaia antolatuko dute bihar Kurtzeko plazan. Besteak beste, tailerrak, ginkana eta dantza eskainiko dituzte. Hemen batu dugu egitarau osoa.
Urtzube eta Egunsentia eskaut taldeak 2003an elkartu ziren Argizai Eskaut Taldea sortzeko. Hala, proiektu komun bat aurkeztu zuten Galdakaoko udalerrian, eta azken hogei urteetan garatutako baliabide eta esperientzia guztiak jarri zituzten eskura. Ordutik, aisialdiko hezkuntza-lana egiten dute 8 eta 18 urte bitarteko ume eta gazteekin Argizai Eskaut Taldearen izenpean.
Hezkuntza Egitasmoan oinarritutako jarduerak egiten dituzte, haien lehentasuna «haur eta gazte guztiak ingurune seguru batean bizitzea» dela. «Haiek hainbat mailatan garatzea nahi dugu, hala nola, maila sozialean, psikologikoan, intelektualean, emozionalean eta espiritualean», azaldu dute taldetik. Horretarako, bizitza aire zabalean egiten dituzte hainbat jardueratan eta Santa Maria eta Urretako parrokietako lokaletan egiten diren bileretan gauzatzen da.
Aurten berrogei urte (20+20) betetzen dira lan hori hasi zenetik eta horrenbestez bere urteurrena ospatzen du Argizai Eskaut Taldeak. Hain zuzen, ibilbide hau ospatzeko helburuz jaia antolatuko dute bihar, maiatzak 13, Kurtzeko plazan.
Arratsalde osoan zehar ekintzak eskainiko dituzte eta tailerrekin hasiko dira 16:30ean. Ondoren, ginkana antolatuko dute eta 18:00etan Andra Mari Dantza Taldeak ikuskizuna aurkeztuko du. Amaitzeko, 18:45ean txokolatada izango da.