«Arratoiak herrian», Jon Uribarri
Jon Uribarri Atutxa
BINKE / 2017ko uztaila
Arratoiak herrian
Txikiak dira —edo ez—, lau hankakoak eta hortz zorrotzak dituzte. Arratoiek lur azpian dute bizilekua eta estoldetatik edo erreka bazterretan ibiltzen dira. Ur isurien artean dabiltzan bitartean, jendeak ez ditu ikusten eta ez dute arazorik eragiten baina lur mugimendu bat gertatzen danean —eraikin bat suntsitu edo obraren bat egin— arratoiek ihes egiten dute parke, kale edo etxebizitzetara.
Arratoia hiri inguruneei lotutako animalia da, eta herritar bakoitzeko batez beste gutxienez bi arratoi daudela kalkulatzen da. Gainera, hiri eta etxebizitzetan hainbat kalte material eragiten dituzte. Ugaltze tasa handia dute eta izurri horren kontrako borroka eta kontrola benetan eraginkorra izan dadin, ezinbestekoa da, arratoi pozoia erabiltzeaz gain, prebentzio neurriak hartzea.
Udalak izurri horren kontrola bide publikoan egiten du, hiltzeko kanpainak eginez, baina gune pribatuetan jabearen erantzukizuna da. Beraz, zer egin dezakegu? Gune pribatuak garbi mantendu, putzurik ez utzi, babeslekutzat erabil daitezkeen gauzak kendu, zuloak estali eta ez utzi animalientzako janik.
Kalean arratoirik ikusiz gero zer egin? Deitu Udalera, arratoiak non ikusi dituzun informatzeko.