Iritzia
Laura Sierra Diaz
BINKE / 2021eko azaroa

Klima antzezlana

Munduko ehunka agintari, enpresari, zientzialari… elkartu dira Glasgowen klima aldaketaren aurkako ekintza globalari buruz eztabaidatu, eta adostasun estrategiko batera heltzeko. Helburua: gure planetan ematen ari den tenperaturaren igoera 1,5°Ctik ez pasatzea.

Asko izan dira bertan hartutako konpromisoak, metano igorpenak %30 murriztea 2030erako, ikatzaren erabilpena jaistea, klima aldaketari aurre egiteko dirulaguntzak areagotzea etab. Baina, guzti hau txalotu behar dugu?

Klima aldaketan aditu diren aztertzaileek ikusi dute herrialde guztiek hartutako konpromisoak beteta ere oso zaila izango dela 1,5°Cko muga hori ez gainditzea. Argi geratu da beraz, Klimaren Gailur honetan hartutako erabaki eta konpromisoen anbizio falta. Gainera, etorkizun urrunerako hartutako konpromiso horiek zertarako balio dute ekintza eta plan zehatzik aurkeztu gabe? Jada ez digute hitz soilek balio, ezta beteko ez diren konpromiso hutsek. Benetako ekintzak ikusi nahi ditugu, energia eta materialen erabilpen murrizketa globalerako trantsizio justua bultzatuko dutenak. Zinez ikusi nahi dugu COP26a erabilgarria izan dela eta ez Klima Antzezlana.