Orreaga Iritzi Talde galdakoztarrak hitzaldi ziklo berria antolatu du udazkenerako. Hiru saio eskaniko ditu, tartean ‘Sorgina, banaiz’ dokumentalaren aurkezpena. Asisko Urmeneta dokumentalaren zuzendariarekin hitz egin du BINKEk, honen inguruan gehiago ezagutzeko.
Sorgina, banaiz’ dokumentalaren aurkezpena hartuko du Galdakaok urriaren 22an, Orreaga Iritzi Taldearen eskutik. Saioa 19:00etan izango da Torrezabal Kultur Etxean eta sorgin ehizari buruzko dokumentala ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Asisko Urmeneta da lan honen zuzendaria eta berarekin hitz egin dugu saioaren atarian, dokumentalaren xehetasun gehiago ezagutzeko helburuz.
Zer kontatu nahi du dokumental honek? Ni irudigilea naiz eta sorginaren iruditik abiatu naiz Euskal Herrian barrena ikertzeko nondik, nork eta zergatik eraikia izan den irudi hori. Eta behar izan ezkero, Sorbonako irakasle batek erraten duen bezala, deseraikitzeko tresnak eman.
Nola sortu zen dokumental hau sortzeko ideia? Norberak ikusten du Mendebaldeko Europan prozesu historikoa eman zela, izugarri bortitza, sorgin ehiza izena hartu duena. Eta norberak ere ikusten du Mendebaldeko Europa honetan nola kontatzen duten ehizaldi handi hura eta harritzen da nola Euskal Herrira ez den iritsi batere prozesu historikoaren interpretatzeko trensa horietatik. Laponian adibidez, memorial bat eraiki dute gogoratzeko bidegabeki hil zituzten haiek eta memoria historikoaren bidetik duintasuna itzultzeko. Tennesseera joan behar izan gara, William Monter bezalako aditu baten hitzak entzutera, berak izugarri ongi ikertu baitu Inkisizioko Nafarroako tribunala, hau da, Hego Euskal Herria hartzen zuen epaitegia. Berak deseraiki du hemen hain sinetsia daukagun ustekeria. Horregatik nik ekarri nahi izan ditut munduko adituen mintzoak gure lan hipotesia indartzeko. Sorgin ehiza Mendebaldeko Europan eraikuntza guztiz juridiko eta politikoa izan zela azaltzeko eta azpimarratzeko hemen Euskal Herrian beste eskualdeetan betetzen diren pautak betetzen direla. Hainbeste mistifikazio eta mitoen artean argi pixkat bat eman nahi izan dut dokumental honekin.

Lan hau «ahanzturaren eta mitoen aurkako antidotoa dela» diozu. Zergatik? Sorginaren irudia aztertuz, inpresioa dut argazki batzuk jarri direla bata bestearen gainean. Batetik daukagu mitologiak eraiki duena. Bestetik, sorgina zer izan den soziolaboralki, Euskal Herrian eta mundu osoan. Hirugarrenik, sorgin ehizaren prozesu historikoa zer izan den, eta azkenik, sorgin ehizaren prozesu historiko horretan eraiki zen irudia nola bereganatu dugun azkeneko hamarkada hauetan eta erabiltzen dugun beste aldarrikapen legitimo batzuetarako. Horregatik nik, epaitu nahi gabe, leiho txiki batzuk ireki nahi izan ditut.
Dokumentazio lan handia egin duzue lan honetarako, Euskal Herrian, eta hemendik kanpo ere, ezta? Urteetako dokumentazio lana egin dugu. Dagoeneko publikatuta dagoen materiala batu eta loturak egin ditut nik. Datu historikoetatik abiatuz, testuinguru koherente bat eman nahi izan diot eta hori nik uste ez dela egiten Euskal Herrian. Datuak batzen dira baina ez dira loturak egiten. Nik ez dut hainbeste ikertu sorginek egiten zutenaren inguruan, baina bai sorgin ehiztariak nortzuk izan ziren, non zeuden eta zergatik asmatu zuten gezur ikaragarri hura.
Iraganeko pasadizo haiek gaur egungo gizartean eragina dute oraindik? Bai, noski. Ez dugu ahaztu behar sorgin ehiza ez zela eman Erdi Aro ilun hartan baizik eta Europa modernoaren oinarriak ezartzen ari diren unean.
Zergatik animatuko zenuke dokumentala ikustera? Dokumentala bidaia izan da guretzat. Ideia batzuekin abiatu ginen eta heldu gara ideia ezberdin askorekin. Jendea gonbidatuko nuke bidaia hau gurekin partekatzera eta ikustera nola urte askotan zehar kontakizun bakarra sinetzi dugun. Jendeari erori zaizkio gaur egun arte oso segurtzat zituen usteak eta ikusiko du nola jazarpen hori jaso zuten herri batzuetan hasi diren jada kontakizun bakar hori deseraikitzen eta izenak, deiturak eta duintasuna ematen pertsona horiei . •