Korrikaren 24. edizioa martxoaren 27an igaroko da Galdakaotik, eta horren aurretik egitarau zabala antolatu du AEK-k euskararen aldeko ekimenaren harira. Bihar esaterako, Asisko Urmenetak Errigora egitasmoaren aurkezpen artistikoa egingo du Torrezabalen.
Korrikaren 24. edizioa Atharratzetik Bilbora antolatuko da, martxoaren 19tik 29ra, eta 2.175 kilometro izango ditu guztira. Tartean, Euskal Herriko hainbat txoko igaroko ditu eta Galdakaon eta Usansolon hilaren 27an izango da, BINKEk jaso zuen moduan.
Egun horretaz gain, euskararen aldeko ekimena datorrela ospatzeko, egitarau zabala antolatu du Galdakaoko AEK-k, Galdakaoko Udalaren babesarekin.
Aurten, Korrikaren omendua Errigora izango da, Nafarroa hegoaldeko ekoizleen produktuak Euskal Herri osora zabaltzen dituen ekimena, euskararen, auzolanaren eta elkartasunaren aldeko lana sustatuz.
Galdakaon Errigoraren saskiak eta dinamika koordinatzen dituen taldea errotuta dago, eta horregatik AEK-k herria aukeratu du egitasmoaren aurkezpen artistikoa egiteko.
Aurkezpena bihar, martxoak 3, izango da 10:30ean Torrezabaleko erakusketa gelan, Asisko Urmenetaren eskutik. Gainera, martxoaren 11n eta 12an Errigorako produktuen dastaketa egingo dute euskaltegiko ikasleek.




