Aurtengo Santakurtzetako pregoilaria proposatzeko prosezua hasi da
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Peio Zamalloa
Irailaren 13tik 22ra izango dira Santakurtzak eta aurten ere jaietako pregoilaria herritarrek aukeratuko dute. Ekainaren 9ra arte zabalik dago proposamenak egiteko epea eta pertsona bakoitzak hautagai bakarra aurkeztuko ahal izango du.
Jai Batzordeak eta Udalak jakinarazi zutenez, aurtengo Santakurtzak irailaren 13tik 22ra ospatuko dira. Ohikoa denez, pregoilariak paper berezia izango du Galdakaoko jaietan eta aurten ere herritarrek aukeratu dute.
Lehenik eta behin proposamenak egingo dituzte herritarrek eta aurten pertsona bakoitzak hautagi bakarra aurkeztu ahal izango du. Proposamenak egiteko epea zabalik dago honezkero eta ekainaren 9ra arte egin daiteke webgunearen bitartez edo Torrezabalen, Urreta Kiroldegian, udaletxean eta Aperribaiko liburutegian jarri diren kutxetan.
Hautagai zerrenda jaso, eta Kultur Arloak Berdintasun Arloarekin batera aztertuko du, honako irizpideen arabera:
- Aukeren bideragarritasuna.
- Hautagaitzak euren oinarri, estatutu, funtzionamendu, jarrera edo adierazpenak diskriminatzaileak diren. Horrela balitz, baztertuak izango dira.
- Hautagaitzak ezin izango dira errepikatu bost urtetan.
- Pregoilariak pregoia euskaraz emateko duen gaitasuna bermatuko da.
Proposamenak baloratu ondoren, baztertutakoak Jai Batzordean aurkeztu eta azalduko dira, eta Erabaki Galdakao plataformaren bidez jakinaraziko da, ekainaren 14a baino lehen.Herritarrek ekainaren 17tik 30era eman ahal izango dute botoa, eta boto gehien jaso dituen hautagaitzak emango du jaien pregoia.
Txupineroa aldiz, aurreko urtean bezala, azkeneko jaietan parte hartu zuten kuadriletako batekoa izango da eta zozketa bidez aukeratuko da. Honetan parte hartzeko bete behar diren baldintzak honakoak dira: azken hiru urteetan Santakurtzetako kuadrilla txapelketan eta azken urtean sei frogatan gutxienez parte hartu izana. Behin txupineroa izan den kuadrillak ezingo du berriro txupineroa izan.
Hala ere, pregoilariak baldintzatuko du txupineroaren aukeraketa generoari dagokionean: pregoilaria gizona bada, Jai Batzordeak aukeratzen duen kuadrillak txupinera emakume edo ez-binarioa proposatuko du. Pregoilaria emakumea bada, Jai Batzordeak aukeratzen duen kuadrillak gizonezko txupineroa, emakumezkoa edo ez-binarioa proposatuko du. Eta pregoilaria ez-binarioa bada, Jai Batzordeak aukeratzen duen kuadrillak txupineroa izateko nahi duen generoko pertsona proposatuko du. Berdin gertatuko da, pregoilaria elkartea bada.