Bariku honetan, gaueko bederatziak pasatxo, komunikatua argitaratu berri du Auzoak plataformak bere sareetan «Auzoak elkartea osatzen duen gehiengo batek proiektu honi amaiera ematen diola», eta Udalean ordezkatuta dauden bi zinegotziek «beraien bidea» jarraituko omen dutela. Zinegotziek BINKEri baieztatu diote, aldiz, Auzoak ez dela desagertuko. Ondoko albistean batu dugu, oraingoz, alde batek eta besteak jakitera eman dutena.
Galdakaoko Udal Gobernuko kide den Auzoak plataformak bariku honetan iragarri du bere sare sozialen bidez, 21:00 pasatxo: «Hausnarketa sakon eta kolektibo baten ondoren, jakinarazi nahi dizuegu Auzoak elkartea osatzen duen gehiengo batek proiektu honi amaiera ematen diola».
Adierazpen berean, Udalean dituen bi zinegotzien aurka egin du taldeak, eta «proiektuaren amaiera» zinegotzi hauen jardunari leporatu. Batzordearekin lan egiten ez dutela eta koordinatzen ez direla adierazi dute, «ordezkaritza kolektiboaren oinarrizko printzipioa hautsiz».
Azken udal-aurrekontuak izan omen dira hilabete luzeetako eztabaiden «amaiera», taldearen sare sozialak kudeatzen dituzten asanbladako kideen ustez «Auzoak-eko bi zinegotziek ez dituztelako euren asanbladan onartutako ideiak Udalean defendatu ezta azaldu ere egin».
Plataformako bi zinegotziek «bide desberdinak» hartu izana leporatzen dute bariku gabaz argitaratutako komunikatuan: «Beste behin ere egiaztatu dugu osoko bilkuran gure zinegotziek bide desberdinak hartzen dituztela, batzar honek beti ordezkatu nahi izan duen gizartearekiko atxikimendurik eza eta lotura eza islatuz». Eta Auzoak horretarako jaio ez zela nabarmendu dute idatzian: «Auzoak eta bertako jendea udal politikaren erdigunean jartzeko sortu zen plataforma. Esentzia hori desagertzen denean, proiektuak bere izateko arrazoia galtzen du».
Zer diote zinegotziek?
Auzoak taldeak bariku gauean argitaratutakoa irakurri eta berehala jarri da BINKE plataformako zinegotziekin harremanetan, telefonoz. Zinegotzietako batek argi eta garbi erantzun dio sareetako adierazpen horri: «Ez da egia, eta Auzoak ez da desagertuko».
Baina, zer dago beraz argitaratutako adierazpen horren atzean? «Enbidiak, interesak eta min egiteko gogoa», erantzun dio komunikabide honi zinegotzietako batek, eta gordin-gordin zehaztu: «Auzoak-eko asanblada gidatzen duten biek —euretariko bat, aurreko legegintzaldian zinegotzi izandakoak, eta bestea, aholkulari izandakoak— azken hauteskundeetan ez zuten Udalean zinegotzi sartzea lortu, eta horrek amorrua eragin die; baina taldea euren interesen alde erabiltzen jarraitzen dute».
Azken horren adibide omen da —beti ere egungo zinegotzietako batek BINKEri adierazitakoaren arabera—, sare sozialetan argitaratu berri duten adierazpena: «Batzordeko lau kidek baino ez dute esan taldea utziko dutenik, baina eurek dira Auzoak-en sare sozialak kudeatzen dituzten bakarrak, eta beste behin sareak ere euren intereserako erabili dituzte, baina horrek ez du esan gura Auzoak desagertuko denik».
«Nahikoa irentsi dugu, eta ez dugu euren kaka guztia irensten jarraituko», salatu du irmoki zinegotziak. Hala, albiste hau argitaratzeko baimena eman dio plataformako zinegotziak BINKEri, eta gaineratu: «Argi utzi, mesedez, Auzoak ez dela desagertuko, eta komunikatu bat prestatuko dugu astelehenean, gertatutako guztia azalduz».
Idatzia argitaratu duten Auzoak-eko ustezko kide disidenteekin ere jarri da harremanetan BINKE, adierazpenaren zergati sakonagoa ezagutzeko asmoz. Ez du momentuz erantzunik jaso.
Informazioa osatzen jarraituko dugu.




