Pasa den barikuko polemikari erantzunez, Auzoak Galdakao plataformaren barruan jarraitzen duen taldeak komunikatu bat publikatu du. Bertan, ez dutela «ezer ezkutatzeko» azpimarratu dute, eta elkartean ez dauden pertsonei komunikazio-kanalen gakoak itzultzeko eskatu diete.
Galdakaoko Udal Gobernuko kide den Auzoak plataformak barikuan iragarri zuen sare sozialen bitartez proiektuari amaiera ematen ziola: «Hausnarketa sakon eta kolektibo baten ondoren, jakinarazi nahi dizuegu Auzoak elkartea osatzen duen gehiengo batek proiektu honi amaiera ematen diola».
Adierazpen berean, Udalean dituen bi zinegotzien aurka egin zuen taldeak. Batzordearekin lan egiten ez dutela eta koordinatzen ez direla adierazi zuten, «ordezkaritza kolektiboaren oinarrizko printzipioa hautsiz», BINKEk jaso zuen moduan.
Adierazpen hori irakurri ostean, Udaleko zinegotziekin jarri zen harremanetan BINKE, eta zinegotzietako batek argi eta garbi erantzun zion sareetako adierazpen horri: «Ez da egia, eta Auzoak ez da desagertuko».
Ildo horretatik, komunikatu bat argitaratu du plataformaren barruan jarraitzen duen taldeak. Bertan, ez dutela «ezer ezkutatzeko» azpimarratu du, eta elkartean ez dauden pertsonei komunikazio-kanalen gakoak itzultzeko eskatu die.
Hemen batu dugu komunikatu osoa, hitzez hitz:
«Komunikatu honen arrazoia Auzoak elkartearen egungo egoeraren berri ematea eta azaltzea da.
Lehenik eta behin, azaldu behar dugu sare sozialen bidez ateratzen den komunikatua ez dela plataformaren batzarretan ez tratatu ezta baimendu. Hau da: sare horietarako sarbidea zuten eta, jakina, errealitatera egokitzen ez diren pertsonen aldebakarreko jarduera izan da. Hemen adierazi nahi dugu, dagoeneko elkartean ez dauden pertsonei komunikazio-kanalen gakoak itzultzeko behin eta berriz eskatu zaien arren, une honetan oraindik ez dituztela itzuli.
Auzoak talde independenteak lanean jarraituko du, gure herriarekiko ditugun konpromezuak eta betebeharrak argi eta garbi edukiz.
Auzoak-en gure eredu asanbleistarekin jarraitzen dugu eta ulertzen dugu eredu honek ezinegona eta tentsioak sor ditzakeela bozketa batean norberak nahi duena ateratzen ez denean, baina hasieratik erabaki zen gure lan metodoa izango zela eta horrela izan da uneoro.
Harrotasun handiz esan dezakegu proiektu honetan jarraitzen dugunok ez dugula ezer ezkutatzeko, eta kontzientzia garbia izaten mantentzen garela, talde honen benetako helburuari begira: gure udalerriko auzo guztien alde lan egitea. Jakin badakigu batzuetan ematen duela ez garela leku guztietara iristen, baina argi daukagu hori dela gure helburua. Horregatik, herritarrak gonbidatzen ditugu beren kezkak eta proposamenak azaltzen jarrai dezaten.
Auzoak beti aurrera».




