Bego Sagardui: «Gure lana ez da itsasoko narkoen atzetik ibiltzea, gu ez baikara polizia»
Bego Sagardui, Itsasoko Laguntzako kontrolatzailea
BINKE / 2019ko abendua
«Gure lana ez da itsasoko narkoen atzetik ibiltzea, gu ez baikara polizia»
TESTUAK: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Gotzon Almaraz
Getxoko Galea lurmuturrean izan dugu urteko azken protagonista nagusiarekin hitzordua, Itsasoko Laguntza zerbitzuko dorrean hain zuzen, kontrolatzaile dabilelako bertan galdakoztarra. Eta hau ere, azaroko emakume arbitroaren antzera, historia egin duen emakumea da: esparru honetan kontrolatzaile lanetan ari den lehenengo emakumea izan delako. Itsasoari so harrapatu dugu.
BlueHealth proiekturako lanean ibili ziren neurozientzialariek esan berri dute itsasoa begiratzeak zoriontasuna dakarrela. Zu bai zoriontsua beraz! Bai! (barreka) Itsasora begira beti! Txikitatik izan dut itsasoa gustuko, eta lanean beti egon naiz itsasotik gertu, zoriontsu! Orain ere lan honek itsasoarekin kontaktuan egoteko aukera ematen dit.
Hemen izango duzue estres maila handia ere, ezta? Tira, lanak bere momentu gogorrak ere baditu. Larrialdi bat dagoenean oso kontzentratuta egon behar dugu egoera aztertu eta irtenbide azkar bat emateko… Momentu estuak direla esan dezakegu, ez estres handikoak.
Zer da zehazki egiten duzuena? Hiru lan mota desberdinetan banatzen da Itsasoko Laguntzako —«Salvamento Marítimo», gaztelaniaz— kontrolatzaileon ardura: itsasoko trafikoa kontrolatzea batetik, itsasoko kutsaduraren kontrako borrokari ekitea bestetik, eta itsasoan ematen diren larrialdiei erantzun bat ematea azkenik.
Ene! Goazen banan-banan. Trafikoa kontrolatzea zeri deitzen diozue? Itsasoan eta porturako sarreran ere errepideak daude, eta itsasontzi guztiek trafikoaren arauak betetzen dituztela ziurtatu behar dugu. Baina gainera, kanpotik datozen barku guztien informazioa jakin behar dugu, eta radar zein irrati bidez eurekin harremanetan jartzen gara datu guzti horiek guk izateko. Itsasontzi bakoitzean zenbat pertsona datozen jakin behar dugu, zer garraiatzen duten —eta merkantzia arriskutsurik duten—, nondik datozen, nora doazen, zertara… Datu asko izaten ditugu aurretik, baina ez badakizkigu galdetu egiten diegu zuzenean, larrialdi bat badute egoera horri zelan erantzun eta nor bidali jakiteko.
Itsasoko kutsaduraren aurkako borroka ere zuen ardura da? Hein batean, bai. Itsasontzi batek isurketa bat badu horren aurrean jokatu behar dugu. Edo isurpen bat ikusten badugu itsasoan eta ez dakigu nondik datorren, ikerketa abian jarri behar dugu kutsadura eragiten ari den hori nondik datorren jakiteko… Horren aurka ere aritu behar gara.
Eta azkenik, larrialdiak aipatu dituzu. Bai, hori une zehatzetan ematen da, baina guk erantzun behar diegu gertatzen diren ezbeharrei. Baina hiru horietaz gain beste zeregin txikiago batzuk ere izaten ditugu egunero: eguraldi-iragarpenak VHF irrati bidez —kofradiei, klub nautikoei, Gurutze Gorriari…—, itsasoan dauden aktibitateen berri izan eta horien segurtasuna gainbegiratu, gure ontziak, helikopteroa eta hegazkinak kontrolatu eta mantendu…
Zein da larrialdi bati erantzuteko bataz besteko erreakzio tartea? Kontrol honetan 24 orduz gaude, urteko 365 egunak. Horregatik edozein larrialdi dagoenean beti egongo da norbait minutu gutxitan egoera horri irtenbide bat emateko.
Zenbat larrialdi egon daitezke egunean? Ez nuke jakingo esaten, ez delako gauza erregular bat. Aste batean hainbat egon daitezke, edo bat ere ez… Egia da udan nahikotxo izaten ditugula laketontziekin —aisialdiko yate eta antzekoekin—, asteburuetan itsasontzi txikiekin edo arrantzaleekin. Neguan berriz arazo gehiago merkantzia ontziekin edo handiekin.
Bizi berri baten bila datozen paterak antzematea ere bada itsasoko kontrolatzaile baten lana? Bai, noski, eta Almeria, Tarifa edo Kanarietako kontrolatzaileek lan handia izaten dute horrekin. Eurentzako guardiako lana da, etengabeko arreta eskatzen duen zerbait. Baina hemen guk ez dugu horrelako kasu askorik izaten…
Zeintzuk dira beraz ohiko larrialdiak? Ezin bakarra aipatu. Asko eta mota askotakoak izaten dira: itsasontzi bat urperatzea, ontzi bateko pertsonaren bat larri egotea eta laguntza medikoa bidali behar izatea, ontzi batek su hartzea, gure portura iritsi behar zen baina lokalizatu ezin dugun itsasontzi baten bilaketa egitea, surfista baten ezbeharra, itsasora lurretik erori den pertsona baten sorospena, barkuren batek uretan galdu duen kontenedorea, itsasoaren erdian hilik aurkitu duten animalia hila…
Bale edo izurde asko hilik aurkitzen dituzue ala? Tarteka agertzen dira batzuk, eta horiek guk ere kudeatu behar ditugu, itsasontzientzako arrisku bat izan daitezkelako, bereziki txikientzako. Animaliaren bat itsasoan aurkituz gero gure ontziren batekin atoian eramaten dugu lurrerarte eta AMBARekoak deitzen ditugu —itsas fauna ikertu eta zaintzeko elkartea— animalia ikertu dezaten euren taldeko biologoekin. Ordea, batzutan gertatu izan zaigu hildako animaliaren bat ezin izan dugula lurreratu. Kasu horietan, irrati bidez inguruko ontzi guztiei «nabigazio oharra» bidaltzen diegu, erne ibiltzeko.
Askok gogoan izango dute Prestige itsasontzia Galizan hondoratu zenekoa. Zelan bizi izan zenuen zure lanpostutik egoera hura? Ez ninduen hemen harrapatu, garai hartan Bartzelonan egon nintzelako lanean. Esparru honetan ere, baina Prestige-ek isuritako galipota ez zen bertara iritsi. Hala ere, asko izan ziren kantauriko kostaldera laguntza eskaintzera joan ziren kontrolatzaileak. Nik Bartzelonan gelditu behar izan nuen, norbait gelditu behar zelako kontrolean zaindari.
Lan asko egin beharko zen… Bai, lan asko egin zen Prestige-eko krisian, baina askotan teknikoak alde batera uzten dituzte politikariak tartean sartzen direnean. Egoera hartan ere antzeko zerbait gertatu zen…
Prestige-en isuria gure kostalderarte ere iritsi zen. Zein da zuen kontrolpeko eremua? Bilboko zentroak Santoñako Cabo Pescadorretik Hondarribirarteko eremua kontrolatzen du eta lehenengo 40 miliak dira guk kontrolatu beharrekoak. Eremu guzti hori radarrekin, AIS sistemarekin edo —gertukoa— prismatikoekin kontrolatzen dugu.
Narkotrafikoa sumatu dezakezue zuen pantailetatik? Sumatu bai, baina zehatz-mehatz jakin, ez. Gure radarrek uhin batzuk bidaltzen dituzte itsasora, eta burdinezko edo metalezko ontzi baten kontra jotzen dutenean «eco» edo oihartzun bat bidaltzen dute kontrolera. Ontzi horren neurriaren araberakoa izango da uhina ere, eta beraz guk pantailan ikusiko dugunaren irudia. Horregatik narkoek ardura handia izaten dute uhin horiek saihesteko… baina egia da sumatu ditzakegula mugimendu, norabide edo abiaduragatik… Hala ere, ez dira gure ohiko larrialdiak izaten eta ez gara horien atzetik ibiltzen, gu ez baikara polizia.
Gizakiaren arduragabekeria asko ikusten dituzu itsasoan? Bai, egia esan. Jendeak uste du txalupa bat erosi eta itsasora irtetzea menditik osteratxo bat egitera irtetzea modukoa dena. Baina itsasora irteteko gauza askoz gehiago izan behar dira kontutan, eta gauza askoz gehiago jakin behar dira.
Larrialdi bat jasotzen duzuen unetik, zein da protokoloa, labur esanda? Dei hori edozein kanaletik jaso dezakegu —telefonoz zuzenean, WhatsApp-etik, 112ko larrialdi zerbitzuetatik, VHF irratitik…—, eta jaso bezain pronto kontrolean gauden lankide biak antolatu egiten gara: batek ezbeharra izan duen tripulazioarekin kontaktua mantentzen du eta besteak ontzi edo pertsona horri laguntzeko bidali behar den unitate egokiena aukeratu behar du. Unitate hori, noski, larrialdiaren araberakoa ere izango da.
Zelan aldatu da itsasoan laguntzeko teknologia zu honetan hasi zinenetik? Buf! Aldaketa izugarria izan da! Nik 25 urte daramatzat lanbide honetan, sortu zenetik ia, eta aldaketa teknologikoa itzela izan da, ez du zerikusirik! Hasieran ordenadorea, radarra, fotokopiagailu bat, telefonoa, faxa eta VHF irratia baino ez genituen. Gaur egun, guzti horri beste mila sistema, aplikazio eta erreminta gehitu zaizkio, zorionez!
Edonor eta edozein egoeratan laguntzeko beharra duzue? Duda barik! Laguntza eskubide unibertsala da. Gure eremuan dagoen edonor eta edozein egoeratan lagundu behar dugu. Areago, egoera onean dagoen beste ontzi bati laguntzera joatea eskatu ahal diogu, eta ezin digu ezetzik esan. Baina laguntza, beti! Berdin da nor, noiz, non edo zergatik.
Eta nork ordaintzen ditu zuen esku-hartzeak? Berez, pertsonen erreskatea dagokion Estatuak ordaintzen du, batzutan Gizarte Segurantzaren bitartez eta besteetan seguruen bitartez. Beste kontu oso desberdin bat ondare materialen erreskatea da. Horretan, auto, etxe edo lurreko bestelako ondareekin gertatzen den bezala, itsasoan dabilen edonork bere seguruak izan behar ditu… Eta hor ere ziur sortzen direla arazoak. Baina gu Espainiako Gobernuaren Sustapen Ministerioaren barne gaude eta ez gara diru kontuetan sartzen.
Espainiako Gobernua aipatu duzula… Eusko Jaurlaritzak transferitzeko falta diren hainbat konpetentzia eskatu dizkio Espainiako Gobernuari. Tartean zuen lana ere badago eskari horretan. Itsasoko laguntza eta kontrola Jaurlaritzaren esku egoteak zuen egoera hobetuko luke? Zalantzarik gabe. Ni behintzat desiatzen nago itsasoko konpetentzia Eusko Jaurlaritzak hartzeko. Gutxienez, gure baldintza ekonomikoak asko hobetuko liratekelako. Gaur egun ez dugu gaueko lanaren plusa kobratzen, langileen plantillan gutxi gaude eta gure oporrak edo gaixotzeak kubritzeko estu ibiltzen gara…
Zein da bizi izan duzun egoerarik larriena lanean? Pertsonen erreskatea beti da gogorrena, eta batzuetan ez dira gauzak gura bezala irtetzen, itsasoa oso bortitza delako. Gogoran dut gau baten Santurtzitik barkutxo baten irten zen familia bat erreskatatu behar izan genuenean… Ontziak buelta eman zien eta aita eta semea baino ez genituen bizirik aurkitu hurrengo goizean. Horrelakoetan kosta egiten zait gero loak hartzea… •