Andrii Kovalchuk, Ukrainiatik etorria
BINKE / 2020ko urria

«Hona iristean hizkuntzak eman zidan beldurrik handiena»

Andrii Kovalchuk (1996, Patalievka) Ukrainiako iparraldetik etorri zen Galdakaora. Bere herriak Chernobilekiko zuen gertutasuna izan zen hona etortzeko arrazoirik nagusiena. Egun bere lekua aurkitu du Galdakaoko gazteen artean eta goi-mailako zikloa ikasten ari da.

Noiz iritsi zinen gurera eta zergatik? Duela 15 urte iritsi nintzen lehen aldiz Galdakaora, 2005ean hain justu. Chernobiletik gertu jaio nintzen, Ivankiv izeneko herrixka batean, zentral nuklearretik 50 bat kilometrora. Bertan jaio garen haurren osasun egoeraz kezkatzen den elkarte baten eskutik iritsi nintzen hona, beste hainbat haurrekin batera, eta hemen uda igaro ostean berriz ere itzuli ginen gure herrira. Hala, hemengo egoera hainbeste gustatu eta gero, urtez urte behin eta berriro parte hartu nuen programa horretan, eta ordutik hona uda guztietan izan naiz hemen, negu batzuk barne. 2019an erabaki nuen Galdakaora bizitzera etortzea eta bertan ikastea. Egun fabrikazio mekanikoko goi-ziklo bat egiten nabil.

Zer da gure herritik gehien gustatzen zaizuna? Tira, ez da galdera erraza. Bat aukeratzekotan, herrian topa daitekeen jende jatorra aukeratuko nuke. Iritsi nintzen lehen egunetik tratatu nau ondo bertoko jendeak, eta oso eskertuta nago honekin. Alde batetik, urtero haien etxean hartu nauten David eta Itziar nabarmenduko nituzke, zorionekoa izan nintzen bederatzi urterekin hona iritsi eta halako bikote adeitsu batekin ezustean topo egiten. Haientzat nire esker onak beraz. Bestalde, nire egunerokotasunaren parte diren Jaikiriki kuadrila ere azpimarratu nahi nuke. Urteen poderioz ohartu naiz familia txiki bat sortu dugula, ezinbestekoak ditut nire bizitzan.

Asko dira etorkinen aurkako mezuak. Zer esango zenieke haiei? Mezu hauek helarazten dituzten haiei etorkinok pairatzen dugun jatorrizko egoera zein den ezagutzea eskatuko nieke. Hainbat dira laguntza behar duten herrialdeak. Hilabetez herrialde hauetako batean biziz gero, haien iritzia aldatuko litzateke ziur…

Izan al duzu arazorik hona iritsi zinetik? Baten bat izatekotan, zein? Bada, hona iristean hizkuntzak ematen zidan beldurrik handiena. Ez gaztelera, ez euskara, ez nuen Galdakaon ohikoa den hizkuntzarik ezagutzen, eta horrek izutu egin ninduen nolabait. Zorionez, Davidi eta Itziarri esker gaztelera ikasi nuen. Uste baino zailagoa izan zen hau, ez nuen uste horrenbeste kostako zitzaidanaik ikastea, baina hala izan zen. Hasiera batean keinuen bidez komunikatzen nintzen biekin, baina, gutxika-gutxika hizkuntza menperatzen hasi nintzen.

Izan al duzu harremanik euskararekin? Ez dizuet gezurrik esango, pena handia ematen didan arren, urria da nire ezagutza euskararekiko. Hitz gutxi dakizkit euskaraz, baina asko gustatzen zait hau entzutea.