Athleticen eta Realaren arteko partida jokatuko da domekan San Mamesen, eta horren aurretik bertso derbia lehiatuko da. Aurten Galdakaon izango da, Torrezabal Kultur Etxean, eta hemen batu dugu parte-hartzaileen zerrenda.
San Mamesek partida berezia hartuko du domekan 21:00etan. Athletic Club eta Real Sociedad taldeek euskal derbia jokatuko dute eta horren aurretik Bertso Derbia antolatuko dute, urtero egin ohi den moduan.
Aurten Galdakaon izango da Bertso Derbia, eta Athletic Club Fundazioak eta Real Sociedad Fundazioak, Galdakaoko Udalaren laguntzarekin antolatutako XXV. edizioak sei parte-hartzaile izango ditu. Aitor Etxebarriazarraga, Onintza Enbeita eta Igor Elortza izango dira zurigorrien ordezkariak eta txuri-urdinen alde aldiz, Andoni Egaña, Eneritz Artetxe eta Amets Arzallus arituko dira.
Saioa Torrezabal Kultur Etxean izango da 12:00etan, eta sarrera doakoa den arren, beharrezkoa da aurretik gonbidapena hartzea ohiko webgunean edo Torrezabaleko leihatilan. Edukiera bete arte eskuratu ahal izango da gonbidapena, eta domekan bertan egongo da zabalik leihatila, saioa hasi baino ordubete lehenagora arte.
2013an lehen aldiz antolatu zenetik, Bertso Derbia mundu mailan bakarrenetarikoa den ekimen gisa ezarri da. Izan ere, futbol talde arerio diren bi klubek «elkarbizitza eta lehia osasuntsua bultzatzeko helburuarekin elkarrekin sustatutako jarduera kulturala» da. Bere xede nagusia «lehiaz harago kirolak eta kulturak bi zalegoak batzen dituztela erakustea» da.
Bertso Derbia bezalako ekimenei emandako babesaren bidez, Galdakaoko Udalak «euskal kulturarekiko, bertsolaritzarekiko eta euskararen erabilerarekiko duen konpromisoa indartzen du, kasu honetan lehia eta norgehiagoka errespetutik, sormenetik eta kultur elkarbizitzatik ere bizi daitezkeela erakutsiz».




