Binkek bat egingo du Greba Digitalarekin
Koronabirusak kulturgintzaren osasuna ere areago kaltetu du
BINKE / 2020ko apirila
Binkek bat egingo du Greba Digitalarekin
Ikusi gaitzazuen desagertuko gara,
entzun gaitzazuen isilduko gara
Euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen duten eragile guztiei deia egin zitzaien, Sare Sozialen bidez, apirilaren 21 eta 22an Greba Digitala egin dezaten, eta Binkek bat egingo du deialdiarekin, bere atxikimendua www.kulturgintzan.eus helbidean adierazita.
Sortzaile, antolatzaile eta bitartekari —herri-mugimendu, erakunde publiko, ekimen pribatu/industria—, hezitzaile —hezkuntza arautuan, ez-arautuan, familian/etxe-giroan—, kulturazale, herrikide… eta komunikabideei ere egin zaie deia.
Horregatik, Binkek ere apirilaren 21 eta 22an ez du eduki digitalik sortuko. Nahiz eta 22an banatu behar duen paperean Binkeren apirileko zenbakia, ez dira dagozkion edukiak webgune honen bidez ezta aldizkariaren Sare Sozialen bidez ere argitaratuko. Normaltasunera itzuliko da proiektu hau 23tik aurrera.
Modu honetan, Binkek bere ekarpentxoa egin gura die Greba Digitalaren helburuei. Hauexek dira ekimenaren adierazpenetik bere horretan ekarritako hiru helburuak:
1.— Gogoeta eta eztabaida soziala eragitea
Euskal Herritar orori zuzentzea, batez ere konfinamendu egunotan inoiz ez bezala euskal kulturgintzara hurreratu direnei, norbanakook egunerokoan euskal kulturgintzarekiko dugun atxikimenduari buruzko gogoeta ariketa proposatzeko: zein balio ematen diogun gure kulturgintzari, zein garrantzia duen gure egunerokoan, zenbat kultura kontsumitzen dugun, kulturgintzaren prekarietateaz (batez ere sortzaileenaz) eta lan baldintza kaxkarrez ohartzen garen…
2.— Premiazko neurriak hartu behar direla exigitzea
COVID-19aren larrialdiak eragin(go) dituen kalteei erantzuteko premiazko neurriak plazaratu eta horiei atoan erantzun diezaietela eskatzea Euskal Herri osoko erakunde publikoei: Euskal Hirigune Elkargoari, Nafarroako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari, Foru Aldundiei, udalei eta bestelako erakundeei. Premiazko neurriekin batera, epe ertain-luzerako bestelako proposamenak ere plazaratzea.
3.— Euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen dugun guztiontzat elkargunea izango den mahai/bilera/topaketa antolatzeko lanean hastea
Euskal Herri osoko kulturgintzaren ekosistema osatzen dugun eragile guztioi dei egitea larrialdi egoerak ahalbidetzen digunean mahai/bilera/topaketa… bat gauzatu dezagun euskal kulturgintzaren gabezia eta premia larriei aurre egiteko zer egin proposatu, eztabaidatu, adostu eta gauzatzeko. Deia beren beregi antolatuta dauden kulturgintzako eragileei luzatzea bilkura horren antolaketa lana euren gain har dezaten: sortzaileen elkarteei, enpresa egitura dutenei, erakunde publikoei…