Bisita gidatuak eskainiko dira Galdakaon, Ondarearen Europako Jardunaldien baitan

Argazkia: Galdakaoko Udala

Ondare arkitektonikoa ezagutzeko Europako Jardunaldiak antolatu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak urrian zehar. Galdakaon, Dinamita fabrikarekin lotutako eraikinak eta Andra Mari eliza barrutik ezagutzeko aukera izango dute herritarrek.

Galdakaok Europako Ondarearen XXV. Jardunaldiekin bat egin du aurten ere, «tokiko bizimodua definitu duten eraikin eta espazioen bitartez gure historia berraurkitzeko gonbidapen irekian».

Aurten ‘25 urte kultura eraikitzen’ leloa darama eta helburua, Edurne Espilla jarduneko alkatearen hitzetan, «eguneroko bizitzaren parte diren, baina sarritan beren historia ezagutzen ez dugun espazio horiek fokuan jartzea» da. Horregatik, «ondarea ezagutu, babestu eta transmititzearen garrantzia» azpimarratu du, iraganaren memoria gordetzeko ez ezik, gure ingurunearekiko lotura sendotzeko tresna gisa ere bai.

Ildo horretan, hil honetan zehar Galdakaoko bi espazio berezi barrutik ezagutzeko bisita gidatuak egingo dira: Andra Mari eliza eta Dinamita fabrikarekin lotutako eraikinak.

Besteak beste, Zuhatzun, Arkotxan, Plazakoetxen eta Tximelarren fabrikako langileentzat eraiki ziren etxebizitzak, eskola, ekonomatoa, kapera eta eraikin desberdinak bisitatzeko aukera eskainiko da.

Jesus Muñiz historialari galdakoztarrak azaldu duenez, «bi espazio berezi dira, jende gehienak gutxi ezagutzen dituenak».

Hemen batu dugu programa osoa, data eta ordutegi guztiekin:

Andra Marira bisita gidatuak euskaraz

Urriak 18, zapatua, 12:00etatik 13:00etara
Urriak 12 eta 26, domekak, 17:30etik 18:30era

Andra Marira bisita gidatuak gaztelaniaz

Urriak 11 eta 25, zapatuak, 12:00etatik 13:00etara
Urriak 19, domekak, 17:30etik 18:30era

Dinamitara bisita gidatuak

Urriak 16, eguena, 18:30etik 20:00era (euskaraz)
Urriaren 23an, eguena, 18:30etik 20:00era (gaztelaniaz)

Bisitak egiteko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea, plazak mugatuak baitira. Inskripzioa 944 010 598 telefonora deituta —astelehenetik barikura, 09:00etatik 14:00etara— edo mgarrido@galdakao.eus helbidera idatzita egin daiteke.