Click&Click elkartea Binkerekin kolaboratzen hasi da
Argazkilaritza
BINKE / 2022ko urtarrila
Click&Click elkartea Binkerekin kolaboratzen hasi da
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Click&Click elkartea
Click&Click argazkilarien elkarteari erronka bat jarri dio Binkek: gai bat ardatz eta inspirazio hartuta, hilero taldeko argazkilari batek ateratako argazkien bilduma bat argitaratuko dugu, bai paperezko edizioan zein digitalekoan.
Gure herrietan argazkilaritzarekiko zaletasun handia badago ere, 2018ra arte ez zen Galdakaon horrekin lotutako elkarterik sortu. Baina urte horretan bai, zale batzuk elkartu eta euren zaletasunari lotutako ekimenak antolatzen hasi ziren Click&Click elkartearen izenpean —taldeari egindako lehenengo elkarrizketa argitaratu zuen Binkek 2018ko uztailean—.
Hiru urteko bide horretan, hainbat izan dira elkarteak antolatu dituen ekintzak, bai kanpora begira —lehiaketak, erronkak, erakusketak…— zein taldeko kideei begira ere —ikastaroak, praktikak, hitzaldiak…—.
Orain, erronka berri bat jarri die Binkek Click&Click elkarteko kideei: gai bat ardatz hartuta, Galdakaon eta Usansolon ateratako irudiekin argazki sorta bat argitaratuko du hedabide honek bai bere paperezko edizioaren bi orrialdetan zein webgunean ere.
Lehenengo gaia «Argiak» izan da. Gai hori emanda, elkarteko argazkilari batek —lehenengo zenbaki honetan Jose Antonio Arandiak— dozena bat argazki atera eta horren inguruko erreportajea publikatuko dugu.
Modu honetan, gure herrietako bazterrak eta mugimenduak ezagutu eta gure herrikide argazkilarien lanak ezagutzera eman gura ditu Binkek.