Sormene Galdakaoko sorkuntza plazaren zortzigarren edizioa urriaren 4tik 12ra antolatuko da. Tarte horretan zazpi ekintza eskainiko dituzte, adin guztiei zuzendutakoak. Hemen batu dugu egitarau osoa.
Bueltan da berriz ere Sormene Galdakaoko sorkuntza plaza. Zortzigarren edizioa izango da hau eta urriaren 4tik 12ra antolatuko da, arduradunek gaur udaletxean egindako agerraldian azaldu dutenez.
Bertan Izaskun Barbarias Euskara zinegotziak, Ane Legarreta orkestra zuzendari galdakaoztarrak eta Jon Agirresarobe Euskara teknikariak parte hartu dute.
Barbariasek azpimarratu duenez, «identitatea, transmisioa eta aniztasuna ardatz hartuta jaio zen Sormene, eta edizio bakoitzean euskararekiko eta euskal kulturarekiko konpromisoa zabaltzen eta sakontzen jarraitzen du, lau lan ildoren bitartez: sormena, plazak, komunikazioa eta transmisioa».
Hain zuzen, transmisioan jarri da arreta azkenaldian, «Galdakaoko eta Euskal Herriko eragileengan kezka zabaldua delako». Zentzu horretan, euskal kultura belaunaldi berriei zabaltzeko lanak jarraitzen du, eta aurtengo edizioan genero berritzaileak txertatu dira, hala nola, musika elektronikoko tailerrak eta opera baten sorkuntza prozesuaren inguruko aitorpenak, Agirresarobek azaldu duenez.
Zortzigarren edizio honek ‘Garai eta gizarte likidoak’ izena hartu du, «ziurgabetasun garaiari zuzendutako sorkuntza bultzatu eta gonbidatuz». «Erreferente sendoen galerari, gizartean egoteko eta militatzeko modu berriei, harreman iraunkorrak eraikitzeko zailtasunei, estresa eta antsietateari, kontsumoa ihesbide gisari eta beste hainbat gaiei buruz hausnartzeko gunea izango da Sormene», azpirratu du Legarretak.
Guzti hori zazpi ikuskizunetan garatuko da, eta hemen batu dugu egitarau osoa:
Urriak 4, zapatua
18:00 ‘Semaforoa’ Logela Multimedia konpainiaren haurrentzako ikuskizuna, Torrezabal Kultur Etxean. Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude Torrezabalen eta Udalaren webgunean.
Urriak 7, martitzena
19:30 ‘rr_6_erre(AH)ala’ Maialen Lujanbioren errezitaldi poetiko-performatibo ikus-entzunezkoa, Gandasegiko arkupeetan. Sarrera doakoa.
Urriak 8, eguaztena
18:00 Musika elektronikoko tailer praktikoa, 15 eta 18 urte bitarteko gazteentzat, Dantz kolektiboarekin, Urretako Topagunean. Izen-ematea: sormene@gmail.com.
Urriak 9, eguena
11:30 ‘Exodus’ operaren inguruko solasaldia, musikaz lagunduta. Jon Saenz, Hegoa Alvarez eta Ane Legarreta izango dira hizlari. DBHko ikasleei zuzendutako saioa.
Urriak 10, barikua
20:00 La Sala dantza konpainiaren 10. urteurrena, Torrezabal Kultur Etxean. Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude Torrezabalen eta Udalaren webgunean.
Urriak 11, zapatua
12:30 Askotariko errezitaldia: ‘Gizarte eta garai likidoak Galdakaoko literatura idazleen begietatik’. Idazleak: Irati Bediaga, Josi Basterretxea, Libe Goitia, Joanes Urkixo, Karlos Aretxabaleta eta Arkaitz Estiballes. Musika eta kantua: Sandra Fernandez. Gandasegiko arkupeetan. Ondoren, liburua opari ekimena, ekitaldian parte hartuko duten egileen liburuak eskuratzeko modua izango da.
Urriak 12, domeka
19:30. ‘Karmele’ filmaren estreinaldia eta mahai-ingurua Asier Altuna zuzendariarekin, Torrezabal Kultur Etxean.
Hemen Ane Legarretaren hitzak Sormeneren zortzigarren edizioaren inguruan: