Enpresa mundua ikasgeletara hurbiltzeko helburuz, ekintzaileen eta ikasleen arteko topaketa antolatu zuen atzo Galdakaoko Udalak. Guztira, 200 ikasle batu ziren Torrezabal Kultur Etxean egindako ekitaldian.
Galdakaoko Udalak ekintzaileen eta ikasleen arteko topaketa antolatu zuen atzo Torrezabal Kultur Etxean. Ekitaldia Andra Mari Lanbide Heziketako zentroarekin eta herriko Ostalaritza Eskolarekin lankidetzan eskaini zen, baita Bengoetxe eta Elexalde ikastetxeetako eta Eguzkibegi Ikastolako DBHko ikasleekin ere.
Guztira, 200 ikasle baino gehiago izan ziren «kultura ekintzailea hezkuntza eremura hurbiltzea eta Galdakaoko LHko zentroen eskaintza akademikoa ezagutaraztea» helburu izan zuen topaketan.
Saioak ikasleen ekintzailetza gaitasunak balioan jarri zituen, izan ere, ikasgelan enpresak sortzeko aukera ematen dien Ikasenpresa programaren baitan egindako proiektuak aurkeztu zituen.
Ostalaritza Eskolako ikasleek proiektu gastronomiko originalak aurkeztu zituen, hala nola, menpekotasun egoeran dauden pertsonentzako janari zerbitzua, opilgintza historiko-joko proiektua eta etxe-animalientzako gozoki berritzaileak.
Bestalde, Andra Mari LHko ikasleek nortasun sozial nabarmena duten proiektuak aurkeztu zituzten: material birziklatuak erabiliz egindako bitxiak, adimen artifizialean oinarritutako Alzheimerra duten pertsonentzako laguntza-sistema, betaurrekoan integratua; eta txakur-robot solidarioa. Azken horren irabaziak minbizia duten haurrekin lan egiten duen Pink Force Foundation fundazioari bideratuko dira.
Herriko ekintzaile lokalak ere izan ziren jardunaldian, hala nola, Cristina Caballero eta Erlantz Agirre, Viaja más por menos eta Facilítame proiektuen sortzaileak, hurrenez hurren.
Jardunaldia Galdakaoko Lanbide Heziketako zentroen instalazioetara bisita gidatuarekin amaitu zen. Bertan, ikasleek Ostalaritza Eskolako eta Andra Mari zentroko gelak eta tailerrak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten.




