Emakume Sortzaile eta Artisten Sarea sortu du Ane Legarreta galdakoztarrak
Ekimen berria
BINKE / 2021eko martxoa
Emakume Sortzaile eta Artisten Sarea sortu du Ane Legarreta galdakoztarrak
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Julio Legarretaetxebarria
Martxoaren 8an aurkeztu da Emakume Sortzaile eta Artisten Sarea, euskal emakume musikari profesionalen bateratzetik sortua. Ane Legarreta orkestra-zuzendari galdakoztarrak sortu du ekimena.
Ez da kasualitatea gaur, martxoak 8 eta Emakumearen Nazioarteko Egunean, Emakume Sortzaile eta Artisten Sarea —ESAS— aurkeztu izana jendartean. Sorkuntzan dagoen, eta bereziki musikan, emakumeen erreferente faltaren ondorio da ESASen jaiotza.
Ekimenaren sortzailea Ane Legarreta orkestra-zuzendari galdakoztarra da, eta «emakumezko musikariei merezi duten ikusgarritasuna emango dien proiektu bat sortzeko beharretik» jaio da, zuzendariak berak dioen moduan. Horrela ba, eta «gizarteak dituen emakume musikari erreferenteen faltaren ondorioz» sortu du Legarretak ESAS, Natalia Sánchez musikari profesionalarekin batera.
Ekimen honen hastapenetan beste musikari edo konpositore profesionalak dituzte lagun: Nekane Díaz, Victoria Ladrón, Paula Olaz, Blanca García de Amezaga, Garazi Navas, Laida Otaduy eta Mirari Etxeberria, besteak beste.
Beste espezialitate batzuetako sortzaile eta artistekin aliantzak sortzeko asmoa du sare berriak, eta emakumezko musikari profesionalak ezagutzera emateko kontzertu eta emanaldi desberdinak antolatu gura dituzte urtean zehar.
Ane Legarreta bera gertuagotik ezagutzeko, Binkek 2018ko urrian Galdakaoko Musika Bandaren zuzendaritza utzi berritan egin zion elkarrizketa irakur daiteke hemen klik eginda.
Emakume Sortzaile eta Artisten Sarea
somosesas@gmail.com