Enrike Solinis galdakoztarrak Zetaken Mitoaroan parte hartu zuen

Argazkiak: EITB eta Euskal Barrok Ensemble

Zetak taldeak Mitoaroa II ikuskizuna eskaini zuen pasa den bariku, zapatu eta domekan Illunben. Taldeak hainbat artista gonbidatu zituen emanaldietara, tartean Enrike Solinis musikari galdakoztarra. Solinisekin hitz egin du BINKEk esperientziaren inguruan.

Duela hilabete batzuk Nafarroa Arenan eskainitako Mitoaroa ikuskizunaren arrakastaren ostean, milaka pertsona batu zituen berriz ere pasa den asteburuan Zetak taldeak Donostiako Illunbe zezen plazan.

Talde nafarrak ikuskizun anitza eskaini zuen bariku, zapatu eta domekan eskainitako kontzertuetan eta publikoak kaskoen bitartez entzun ahal izan zituen abestiak. Oholtza gainean hainbat eta hainbat artista ikusi ahal izan zituzten Illunbera bertaratu ziren zaleek, besteak beste, Pantxoa eta Peio, Aitziber Garmendia, Yune Nogeiras, Josean Bengoetxea, eta Antton Telleria.

Halaber, Enrike Solinis musikari galdakoztarrak parte hartu zuen taldeak eskainitako hiru kontzertuetan. «Esperientzia oso aberasgarria izan da niretzat. Zortzi bat aldiz jo nuen laudea emanaldi bakoitzean, saioaren atal ezberdinen artean trantsizioa eginez eta baita Pello Reparazekin batera Begi Beltza abestia interpretatuz», azaldu dio Solinisek BINKEri.

«Zetaken abestiek duten energia baretu eta beste erritmo bat sartzeko asmoa zuen Pellok nire parte-hartzearekin», adierazi du Euskal Barrok Ensemble taldeko musikariak.

«Pello nire etxera etorri zen ni eta nire lana ezagutzera. Oso jatorra eta musikari ona da eta musikaren inguruan hitz egiten egon ginen eta musika egiten hasi ginen», azaldu du Zetakeko abeslariak, «hasieratik askatasun osoa» eskaini diola azpimarratuz.

«Oso ausarta izan da Pello ikuskizun honetan laudea sartzean. Nik egia esan ez nuen Zetaken musika asko ezagutzen eta kontzertuan oso harrituta gelditu nintzen jendearen erantzunarekin. Denok zeuden kantuan eta dantzan eta niretzako oso esperientzia polita izan da, nik gauza berri bat egiteko eta baita jendeak laudea bezalako instrumentu bat ezagutzeko», nabarmendu du Solinisek.

«Ez nekien ondo aterako zen esperimentu hau, baina oso emaitza ona izan du nire ustez. Oso gustora ibili nintzen, momentu askotan nire kontzertuetan baino lasaiago, asko abstraitu nintzelako», adierazi du. «Nire Galdakaoko lagunek ere mezuak bidali zizkidaten telebistan ni ikustean, inoiz egin ez dutena. Zetaken indarra!», dio barrezka.