Eskola materialerako dirulaguntzen oinarriak moldatzea onartu zuen Galdakaoko udalbatzak
Pasa den eguenean, ekainak 27, osoko bilkura egin zuen Galdakaoko udalbatzak eta zenbait erabaki hartu zituen. Besteak beste, eskola materialerako dirulaguntzak arautzen dituzten oinarriak moldatzea onartu zuen.
Ekaineko osoko bilkura egin zuen Galdakaoko udalbatzak pasa den eguenean, ekainak 27, eta zenbait erabaki hartu zituzten alderdiek hitzorduan. Besteak beste, Galdakaon Emisio Gutxiko Eremuak ezartzea adostu zuten.
Halaber, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren kontratua luzatzea onartu zuen udalbatzak. Luzapena bi urtekoa izan ordez urte bakarrekoa izango da, «Udalak zerbitzua beregain hartu eta zuzenean kudeatzeko bidean pauso bat emateko».
Bestalde, eskola materialerako diru laguntzak arautzen dituzten oinarriak moldatzea onartu zuen aho batez, «herritarren beharretara hobeto egokitzeko».
Familien diru sarrerak aintzat hartuta, errentaren arabera banatuko dira eskola materialerako laguntzak: gehienez IPREM errenta adierazle publikoa halako 2,5 jasotzen duen familiak 140 euroko laguntza jasoko du, gehienez, umeko; gehienezko diru sarrera IPREM adierazlea baino 2,5 aldiz eta 4,5 aldiz handiagoko tartean dutenek 100 euroko laguntza jaso ahalko dute umeko, gehienez; eta familiaren errenta IPREM baino 4,5 aldiz handiagoa eta gehienez 5,5 aldiz handiagoa dutenek, haur bakoitzeko 75 euroko laguntza.
Diru sarrera handiagoa dutenek ordea ezingo dute laguntza hori jaso, eta, edozein kasutan, gehienez, 350 euroko laguntza emango da familia unitateko.
Hauek izango dira laguntzak barne hartuko dituen eskola materialak: haur hezkuntzakoen amantal eta adur zapiak; teknologietako, musika eta heziketa plastikoetako elementuak; mahaigaineko materiala (arkatz, boligrafo, erregela, koaderno, folio eta antzekoak, eta informatikako suntsigarriak); eta artxibategi, estutxe, kalkulagailu, konpas, hiztegi, bizkarzorro eta antzeko material ez suntsigarriak.
Iaz lehen aldiz onartutako laguntzak ordaintzeko tramitazioak amaitzear daude eta datorren hilabetean ordaintzea aurreikusi du Udalak. Aurtengo laguntzen eskaerak, berriz, udazkenean egin ahalko dira.