Antonio Burgos, Almeriatik etorria
BINKE / 2020ko abendua

«Someran bizirauteko behar dudan euskara maila dut»

Antonio Burgos Guerrero (1996, Almeria) orain hiru urte etorri zen Galdakaora. Batxilergoko ikasketak Almerian bertan amaitu ondoren sukaldaritzaren inguruko ikasketak egitera. Erraza da bera Somerako saltsan ere ikustea!

Noiz heldu zinen Galdakaora eta zergatik? Galdakaora 2017ko irailean heldu nintzen lehenengoz. Garai hartan argi neukan sukaldaritzako ikasketak egin nahi nituela eta eskaera egin nuen Bengoetxeko Ostalaritza Eskolan ikasten hasi ahal izateko. Onartu nindutenean maletak hartu eta Galdakaora joan nintzen. Irailean herrian bizitzen hasi nintzen, baina esan beharra daukat ekainean herrira hurbildu nintzela pisu bat alokatu behar nuelako.

Bakarrik, lagunekin edota familiarekin etorri zinen? Esan bezala, Euskal Herrira lehenengoz ekainean heldu nintzen. Egun horretan gurasoak nirekin etorri ziren alokatu nahi nuen pisua ikusi nahi zutelako, baina irailean erabakia hartuta neukanean nire aizto, arropa eta sukaldaritza ikasteko gogoekin etorri nintzen. Gainera, ez nuen Galdakaoko inor ezagutzen eta nire ezagunik hurbilenak Donostian bizitzen zeuden bi lagun min ziren. Bertan harremanik ez edukitzea nahiko gogorra izan zen, baina oso arin egin nituen harremanak.

Zer da Galdakaotik gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien? Argi daukat Galdakaotik zerbait azpimarratu beharko banu bertako jendea izango litzatekeela. Oso lagun onak egin ditut, eta ikaragarria iruditu zait hasiera batetik ezagutu ditudan pertsonek daukaten eskuzabaltasuna. Herriak ere badu bere xarma, Covid egoera baino arinago astebururo jai eta parranda giroa arnasten zelako. Eta gutxien gustatzen zaidana bertako eguraldia izango litzateke, Almeriak eskaintzen duen argitasunera ohitu naizelako eta Galdakaoko egun ohiak euritsuak direlako. Gainera, oso astunak egiten zaizkit bertako neguak egunak ilunak eta hotzak izaten baitira… Tira, ohituko naiz!

Bertara heldu zinenean zer izan zen zailena? Arazoren bat eduki zenuen? Hasiera batean egoerara egokitzea kostatu zitzaidan. Hogei urterekin, familia eta lagunak atzean utzita eta inor ezagutu gabe heldu nintzen herrira. Garai hartan neukan gauza bakarra sukaldaritza ikasteko gogoak ziren, baina ezagutu nituen lagunek asko lagundu ninduten eta oso arin hobetu zuen egoerak.

Zer dakizu euskararen inguruan? Hitzen bat dakizu? Someran bizirauteko behar dudan euskara dakit bakarrik; «kaña bat mesedez», «eskerrik asko» eta «ondo pasa». Kontuan hartzekoa da ere nire euskaltegia Somerako Labea izan dela, eta irakasleak bertako langileak izan direla. Hala ere, egunen batean euskara ikastea gustatuko litzaidake.