Etxean bizitzen jarraitzeko ‘EtxeTIC’ laguntza zerbitzua martxan jarriko du Galdakaok
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Oskar González
Eguaztenean, uztailak 24, osoko bilkura egin zuen Galdakaoko udalbatzak eta honetan, besteak beste, ‘EtxeTIC’ laguntza zerbitzua martxan jartzeko pausoak ematea adostu zuten alderdiek. Honen helburua mendekotasun egoeran dauden pertsonak erresidentzietara joan behar ez izatea da.
Ikasturteko azken udal osoko bilkura egin zuten alderdiek eguaztenean, uztailak 24, eta honetan hainbat izan ziren eztabaidagaiak. Esaterako, Eusko Jaurlaritzari Aperribai ingurua eremu tentsionatua izendatzea eskatzea adostu zuen udalbatzak aho batez.
Halaber, EAJ-PNVk aurkeztutako mozio bat ere onartu zuten alderdiek aho batez, kasu honetan mendekotasuna duten pertsonak etxean bizitzen jarraitzeko Bizkaiako Foru Aldundiaren ‘EtxeTIC’ laguntza zerbitzua martxan jartzeko pausoak emateko.
Etxean geratzen laguntzeko zerbitzu publikoa da ‘EtxeTIC’, teknologia berrietan oinarritutako zerbitzua. Etxeko arriskuen monitorizazioa, prebentzioa eta detekzioa ahalbidetzen du, erreferentzia zentro batean arreta presentzial puntualarekin konbinatuta.
Doako zerbitzua da, mendekotasun-egoeran dauden pertsonei arreta emateko gainerako zerbitzu eta prestazioekin bateragarria, eta mendekotasun-egoeran dauden adin guztietako pertsonei zein haien zaintzaileei zuzenduta dago.