Euskal Barrok Ensemble taldeak kontzertua eskainiko du Elexaldeko Andra Mari elizan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Euskal Barrok Ensembleren sareetatik
Enrike Solinis musikari galdakoztarra buru duen Euskal Barrok Ensemble taldeak kontzertua eskainiko du zapatuan Elexaldeko Andra Mari elizan. Emanaldian Pedro de Olabarrieta galdakoztarra omenduko dute, ‘Lehen Mundu Biraren garaiko doinu eta musikak’ programa oinarri hartuta.
Emanaldi berezia hartuko du zapatuan, apirilak 22, XIII. mendean eraiki zen Elexaldeko Andra Mari elizak. Euskal Barrok Ensemble taldeak doako kontzertua eskainiko du elizan, arratsaldeko 19:30ean.
2017ko apirilean Binkeren azaleko protagonista izandako Enrike Solinis galdakoztarra buru duela, beste galdakoztar bat omenduko du taldeak kontzertuan: Pedro de Olabarrieta. ‘Lehen Mundu Biraren garaiko doinu eta musikak’ programa oinarri hartuta, musikaren bitartez, duela 500 urte lehen aldiz munduari itzulia eman zioten marinelak omenduko dituzte, tartean Pedro de Olabarrieta.
«Euskaldunon historian itsasoak eta nabigazioak izan duten garrantzia azpimarratzeko eta kontatzeko modua ere bada, bai eta euskaldunok munduko hainbat kulturekin izan dugun harremana eta horrek gure musikan utzi duen arrastoa agerian uztekoa ere», azaldu dute Udaletik.
Euskal Barrok Ensemblek proiektu honen inguruko disko-liburua argitaratu zuen duela lau urte, ikerketa lan sakona egin ondoren. Honetan, nabigazioaren inguruko testu, eguneroko eta pasarteak biltzen ditu eta baita abestiak ere.
Bernardeta Astari (sopranoa), Leire Berasaluze (ahotsa), Marivi Blasco (ahotsa), Mixel Etxekopar (txirula, ttunttuna eta ahotsa), Miren Zeberio (biolin, barrokoa, fidula eta rabela), Pablo Martin Caminero (biolone), Dani Garay (perkusioa) eta Enrike Solinis (lautea eta gitarrak) dira Euskal Barrok Ensemble taldearen kideak.