Galdakaoko Udalak dirulaguntzak eskainiko ditu euskara ikasteagatik eta honezkero zabalik dago hauek eskatzeko epea. Urriaren 15era arte egin daiteke eta hemen batu ditugu horretarako xehetasunak.
Herritarrei euskara ikasten diruz laguntzeko deialdi berri bat jarri du abian Galdakaoko Udalak. Eskaerak egiteko epea zabalik dago eta urriaren 15era bitarte egin daiteke.
Udalak jakinarazi duenez, 2024-25 ikasturtean egindako ikastaroak lagunduko dira, eta dirulaguntza hauetara 16 urtetik gorako eta oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonak aurkez daitezke.
Pertsona bakoitzak gehienez 500 euro jaso ahal izango ditu, eta aurrez aurreko ikastaroak zein autoikaskuntza bidezkoak lagunduko dira, matrikularen kostua 20 eurotik gorakoa bada, baita 2025ean zehar egindako barnetegiak eta ikastaro trinkoak ere.
Deialdi honen bitartez, Udalak Galdakaoko Udal Euskaltegiko ikasleei eta HABE edo Udako Euskal Unibertsitateak homologatutako zentro ez publikoetan euskara ikasi duten eta Galdakaon erroldatuta dauden ikasleei lagunduko die. Kasu horietan, matrikularen kostuaren % 50 lagunduko da, oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen badira.
Bestalde, deialdiak talde jakin batzuentzat bideratutako bigarren laguntza lerro bat ere jasotzen du. Haien artean Galdakaon erroldatutako 0 eta 12 urte bitarteko haurren gurasoak, herrian egoitza soziala duten establezimenduetako jabeak edo langileak, eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera edo langabezia prestazioa jasotzen duten pertsonak daude. Kolektibo horientzat laguntzaren zenbatekoa matrikularen %60 eta %100 bitartekoa izan daiteke, kasuaren arabera.
Dirulaguntza hauen eskaerak Udalaren webgunean dagoen formularioa betez egin behar dira. Izapidea egiteko laguntza teknikoa emango da Galdakaoko Udalaren ESAN herritarrentzako arreta-bulegoan, eta informazio gehiago ezagutu daiteke Galdakaoko Udal Euskaltegian, 944566174 telefono zenbakira deituta.