Euskara ulertzen ez duten herritarrentzako ikastaroak eskainiko ditu Galdakaok

Argazkia: TrueCreatives

Galdakaoko Udalak euskara ulertzen ez duten herritarrentzako doako ikastaroak eskainiko ditu eguaztenetan, urriaren 22tik aurrera. Helduei zuzenduko dira eta plazak mugatuak dira.

Herritarrei euskararekin lehen harremana errazteko helburuz, doako ikastaroak eskainiko ditu Galdakaoko Udaleko Migrazio arloak, Euskara arloarekin elkarlanean.

«Ekimen honen helburua herritarrak euskarara hurbiltzea eta, era berean, hizkuntza eta gizarte inklusioa euskararen ikaskuntzaren bidez sustatzea da», adierazi dute Udaletik.

Saioak eguaztenetan izango dira urriaren 22tik aurrera, Torrezabal Kultur Etxean, goizez eta arratsaldez.

Ikastaroan zehar, hizkuntzaren oinarrizko alorrak landuko dira, hala nola oinarrizko hiztegia eta funtsezko baliabide komunikatiboen erabilera. Izan ere, «migratutako pertsonen artean euskararekiko interesa piztea eta gure hizkuntzarekiko lehen harremana erraztea da asmoa».

Ikastaroa guztiz doakoa da, eta euskararen ikaskuntzan hasi nahi duten helduei zuzenduta dago. Parte hartu nahi dutenek Galdakaoko Udaleko Migrazio arloarekin jar daitezke harremanetan, 944 010 563 edo 688 624 752 telefono zenbakietara deituta.

Arreta ordutegia astelehenetik barikura izango da, 09:00etatik 14:30era. Izena ikastaro osoan zehar eman ahal izango da, baja ematen duten pertsonen lekua betetzeko itxaron zerrenda egingo baita.