Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da eta horrekin bat egingo du Eguzkibegi Ikastolak aurten ere. Horretarako, auzolan saioa, dokumental baten aurkezpena eta herri kirolak antolatu ditu, besteak beste.
Eguzkibegi Ikastola prest dago abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunera batzeko eta aurten ere ekitaldi «berezi eta parte-hartzaileak» prestatu ditu horretarako.
Azaroaren 28an hasiko dute ospakizuna, Galdakaoko udaletxearen aurrean kantatuz 18:00etatik aurrera.
Azaroaren 29rako ordea, auzolana sustatzeko ekintza prestatu du ikastolak. Zehazki, gimnasioa txukunduko dute «lan giro apartean».
Asteburuari amaiera emateko berriz, ‘Andereño Monika gogoratzen’ dokumentalaren aurkezpena antolatu dute Torrezabal Kultur Etxean, 18:00etan. Josi Sierra eta Itziar Barrenetxeak zuzendutako lan honek 1934ko ikastola du oinarri.
Azkenik, abenduaren 3an —Euskararen Nazioarteko Egunean— DBHko ikasleek herri kirolak egingo dituzte frontoian, «indarra, trebezia eta euskal tradizioak jarriz lehen lerroan».





