Ez, Legarda oihaldenda ez da burtsan kotizatzen hasiko

Argazkia: Irati Alonso García

Galdakaoko Legarda oihaldenda burtsan kotizatzen hasiko zela iragarri zuen BINKEk papereko azken edizioan. Albiste hori, baina, ez zen benetako albistea izan, komunikabide honen Aginke atalean argitaratutako ‘fake news’ bat baizik. Komunikabide honek albiste faltsua argitu eta barkamena eskatu nahi izan du ondoko lerroen bitartez.

BINKEren papereko azken edizioan, aldizkariaren 107. zenbakian, Galdakaoko Legarda oihaldenda historiko eta maitatua burtsan kotizatzen hasiko zela iragarri zen, «Palestinaren ikurriñen tela gehienak Legardan erosi direlako eta inoizko datu ekonomikorik onenak izan dituelako».

Albiste hori, baina, ez zen benetako albistea izan, komunikabide honen Aginke atalean argitaratutako ‘fake news’ bat baizik. Alegia, orrialde eta atal horretan argitaratutako eduki guztiak gezurrezkoak dira, BINKEren erredakzioak asmatutakoak. Baina baten batek —eta ez da atal honekin gertatzen den lehenengo aldia— albistea sinistu egin du eta egonezina sortu oihaldenda honetako jabeen artean.

Horregatik, BINKEk albiste faltsua argitu eta barkamena eskatu nahi du lerro hauen bitartez. Eta, bide batez, komunikabide honek esker ona adierazi gura dio Legarda oihaldendari, Galdakaoko dendarik zaharrenari, hainbeste urtez egindako lan koloretsuagatik.