Fran Yeste: «Futbolaren alderik txarrena uzteko momentua da»

Argazkiak: Jon Gomez Garai

Fran Yeste, Usansolo Areto Futbol Taldeko jokalaria
BINKE / 2025eko urria

«Nire anaiarekin batera jokatzeko etorri naiz Usansolora»

· Francisco Javier Yeste Navarro
1979, Bilbo
Basaurin egin zituen oinarrizko ikasketak eta gaztea izanik deitu zuten Athletic Clubekin jokatzeko. Harrobian aritu zen lehenengo eta ostean lehen taldearekin jokatu zuen 12 urtetan zehar, 2010era arte. Atzerrian beste bi urtez aritu ondoren, erretiroa hartu zuen eta orain futbolera bueltatu da, Usansolo Areto Futbol Taldearekin. Entrenatzaile lanetan ere ibili da. 

TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Jon Gomez Garai

Hamabi denboralditan zehar jokatu zuen Fran Yeste futbolari ezagunak Athletic Cluben. Zurigorriz jantzita egin zen ezaguna eta 353 partida jokatu zituen guztira «bere ametsetako klubarekin». Garai hori ordea, duela denbora luze utzi zuen atzean eta urte askotan zehar futbolean aritu gabe egon ostean, areto futbolera jokatzen hasi da orain. Usansolo Areto Futbol Taldean arituko da, bere anaia Dani Yesterekin batera. Athleticeko mitoarekin hitz egin dugu erronka berri honen inguruan, eta baita bere ibilbideaz ere. 

Zergatik itzuli zara futbolera, kasu honetan areto futbolera? Hamahiru urte igaro dira futbola utzi nuenetik. Denbora tarte honetan beste gauza batzuetan zentratu naiz, batez ere familian eta negozioetan. Orain ordea, denbora gehiago ematen dut hemen, Euskal Herrian, eta ilusioa egiten dit futbolera bueltatzea eta nire anaiarekin Usansolon jokatzea. 

Zure anaiarengatik etorri zara Usansolo Areto Futbol Taldera jokatzera, ezta? Bai, batez ere berarengatik izan da. Bera Usansolo Areto Futbol Taldean aritzen da eta pasa den urtean zenbait partida ikustera joan nintzen. Aurten taldea hobetu dute fitxaketa batzuekin eta maila ikusiz nire anaiari komentatu nion agian ideia polita izango litzatekeela berarekin jokatzea. Taldean fitxa librerik zuten galdetu nion eta hemen nago, jajaja!

Taldean zelan hartu zaituzte? Oso ondo egia esan. Talde polita da, giro oso onarekin, eta haiekin jokatu nahi nuela jakin bezain pronto oso ondo hartu naute. Lagun talde bat da eta azkenean hori somatzen da. Asko disfrutatzen dut haiekin, eta noski, nire anaiarekin batez ere.

Zure anaiarekin jokatzen duzun lehen aldia da hau? Bai, ez dut inoiz jokatu berarekin talde batean, ni baino zazpi urte gazteagoa delako. Horregatik, ilusio handia egiten dit orain nagusiagoak garela batera jokatzea eta esperientzia hau elkarrekin bizitzea.

Areto Futboleko Hirugarren Mailan aritzen da Usansoloko taldea. Zelan ikusten duzu kategoria? Maila handiarekin. Talentu handiko jokalariak daude eta partidak oso dinamikoak dira.

Areto futbolean partidak dinamikoagoak direla esan duzu. Diferentzia handia somatu duzu futbol tradizionalarekin? Antzekoa da baina espazio murritzago batean. Agian azkarragoa eta dinamikoagoa da, esan dudan moduan, baina asko gustatzen zait.

Eroso sentitu zara zelaira bueltatzean? Urte asko eman ditut futbolera jokatu gabe, beraz, erresistentzia eta nire forma fisikoa oraindik hobetu behar ditut. Hala ere, eroso sentitzen naiz eta uste dut asko disfrutatuko dudala areto futbolean, nik jokatzeko dudan estiloagatik. Nire helburua taldeari laguntzea da.

Zein da taldearen helburua aurten, sailkapenari begira? Pasa den urtean ez zuten denboraldi oso ona izan eta aurten fitxaketak egin dituzte hobetzen saiatzeko. Sailkapenari begira ez dugu helburu zehatzik jartzen. Disfrutatzen eta ahalik eta emaitza onenak lortzen saiatuko gara denboraldi honetan. Jende oso alaia duen taldea da, baina aldi berean oso lehiakorra dena. Ikasturte ona egiteko ilusioa dugu.

Usansoloko jendearen babesa sentitu duzu honezkero? Bai, bai! Orokorrean jendearen maitasuna sentitzen dut kaletik, eta Usansolon ere. Unkinara partidak ikustera etortzen direnean asko animatzen naute eta baita taldea ere.Zale asko ditu talde honek. 

Usansolon duzu oraina baina zure iraganatik zara ezaguna. Hamabi denboraldi eman zenituen Athletic Cluben lehen taldean. Zelan gogoratzen duzu garai hori? Ba aro oso oso polita izan zen, nola ez. Dena eman didan taldea izan da. 8 urterekin hasi nintzen Athleticen harrobian jolasten, Lezaman, eta 30 urterekin joan nintzen. Urte asko dira, momentu asko, eta gehienak onak izan ziren. Asko ikasi nuen, pilo bat disfrutatu, lagun asko egin nituen… eta noski, txikitako ametsa bete nuen. Hemen bizi garen eta futbolean aritzen garen ume gehinen ametsa Athleticen aritzea da, eta nik lortu nuen, eta urte askotan zehar. Oso harro eta eskertuta nago bizi nuen esperientzia honekin, denetarik bizitzeko aukera izan nuelako: Europan lehiatu, taldea Lehenengo Mailan mantentzen lagundu…

Une berezi asko bizi zenituen beraz kamiseta zurigorria jantzita. Bereziki gogoratzen duzun bat aukeratu beharko bazenu, zein hautatuko zenuke? Momentu polit asko bizi izan ditut Athleticen eta batez ere San Mamesen. Bat esatearren, 2009 Sevillaren kontra San Mamesen irabazitako Errege Koparen finalaurrekoa esango nuke. Sevillaren zelaian galdu ostean, markagailuari buelta ematea eta finalerako sailkatzea lortu genuen eta itzela izan zen. Jokalari moduan bizi izan dudan momenturik berezienetakoa izan zen, zaleekin batera sentitu genuen emozioagatik. Oso ondo gogoratzen dut momentu hori eta oraindik hunkintzen naiz horretan pentsatzean. Gero ezin izan genuen finala irabazi, baina Sevillaren kontrako partida hura betirako geratu zen.

Futbola utzi ondoren, entrenatzaile gisa ere probatu zenuen. Zelan esperientzia hori? Futbola uztean entrenatzaile izateko ikasten hasi nintzen eta titulua atera nuen baina esperientzia laburra izan nuen profil honetan. Getxoko Arenas taldearen jubenilak entrenatu nituen hasieran eta esperientzia polita izan zen gazteekin lan egin ahal izatea. Ondoren, Alicanteko Eldense taldean izan nintzen baina denbora gutxi iraun nuen. Horren ostean entrenatzaile lana alde batera uztea erabaki nuen, beste lehentasun batzuk nituelako momentu horretan. Talde bat entrenatzeak etxetik kanpo ordu asko ematea suposatzen du, esfortzu handia egitea, eta energia nire familiara eta nire negozioetara bideratzea nahiago nuela erabaki nuen.

Zer da entrenatzaile izateaz gehien gustatzen zaizuna? Taldean egotea. Jokalariekin harremana izatea eta haiekin batera ebouzionatzen joatea oso polita da. Haiek zugandik ikasten dute eta zuk haiengandik ere. Esperientzia zaila eta gogorra da, baina polita aldi berean.

Eta jokalari moduan, zein da futbolaren alderik onena? Berdina esango nuke, taldean aritzea. Nik Athleticen urte askotan zehar aritzeko aukera izan dut eta dioten moduan, egia da lagun talde bat dela. Nik hainbat lagun egin nituen aro hartan, oraindik mantentzen ditudanak. Eta noski, emaitza onak lortzen direnean, ba horrek ematen duen poztasuna ere da kirolaren alderik onenetariko bat.

Baina dena ez da ordea arrosa kolorekoa izango futbolean. Itzal asko daude, hainbat jokalarik dioten moduan? Bai eta ez. Gustatzen zaizuna zure ofizio bilakatzea izugarria eta eskertzekoa da. Alde txarrak dituela? Noski, batez ere lesionatzen zarenean. Baina esperientzia oso polita da orokorrean, nirea behintzat.

Zein izan da futbolean zuk bizi izan duzun esperientziarik txarrena? Duda barik futbola uzteko momentua da futbolaren alderik txarrena. Bizitza osoan zehar egin nuena zen futbola utzi nuen arte, eta mundu hori alde batera uztea oso gogorra da. Futbolari askok esan duten moduan, hilabete batzuk igarotzen dira benetan zure errealitate berria zein den bereganatzen duzun arte. Denbora asko ematen duzu bidaiatzen, taldekideekin… Uztean rutina guztiz aldatzen da eta hori nahiko gogorra da pertsona batentzako, nire kasuan behintzat. •