Gabonetako merkatu txikia antolatu du Mundu Bat elkarteak Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Duela hogeita hamar urte baino gehiagotik antolatzen du Mundu Bat elkarteak Gabonetako merkatu txikia Galdakaon. Aurten pandemia aurreko formatua berreskuratu dute eta abenduaren 24ra arte izango da zabalik Caritasek Zuloaga Margolari kalean duen txokoan.
Beste urte batez, Mundu Bat elkarteak, Caritas eta Argizai Eskaut Taldearen laguntzaz, Gabonetako merkatu txikia antolatu du Galdakaon. Zehazki, Caritasek Margolari Zuloaga kalean duen txokoan kokatu dago eta zapatura arte, abenduak 24, izango da zabalik. Goizean 11:00etatik 13:30etara gerturatu daitezke auzokideak eta arratsaldean 17:30etatik 20:00etara.
Elkarteak jakinarazi duenez, aurten bildutako dirua Mozambiquen urakan batek hondatu zuen umezurztegi bat berreraikitzeko bideratuko dute.
Jostailu berriak zein bigarren eskukoak hartzen dituzte, beti egoera onean badaude. «Batzuetan apurtuta dauden jostailuak ekartzen diztuzte eta horiek gero ez dute balio. Egoera onean daudenak bakarrik ekartzea eskatzen dugu», adierazten dute elkartetik.