Galdakaoko EAJk «anbizio handiagoa» eskatu dio Udalari etxebizitza babestuen sustapenean

Argazkia: Google Earth.

EAJ-PNVk aldeko botoa eman zion Bengoetxen etxebizitzak garatzeko udalbatzan onartutako hitzarmenari, «etxebizitza eskuragarria sortzen duelako». Hala ere, etxebizitza babestuen sustapena lege-betebeharra dela gogorarazi dio Udalari, eta gai horretan «anbizio gehiago» eskatu dio.

Ez ohiko deialdian bildu zen pasa den barikuan Galdakaoko udalbatza eta gai bakarraren inguruan aritu ziren alderdiak: Bengoetxeko lur eremu bat.

Zehazki, eremu komertzial izendapena duen arren sekula horretarako eskaerarik izan ez duen Bengoetxeko lur eremu batean etxebizitzak egiteko pausoak ematen hastea onartu zuen udalbatzak aho batez, BINKEk jaso zuen moduan.

EAJ-PNVk aldeko botoa eman zuen, «uste dugulako horrek udalerria aurrera eramaten laguntzen duela eta etxebizitza eskuragarria sortzen duela».

Hala ere, jeltzaleek Udalari eskatu diote ez aurkezteko lorpen berezi gisa etxebizitza-arloan indarrean dagoen araudia betetzea, eta ohartarazi dute Udala ez dela mugatu behar legeak ezarritakoa betetzera: «Aitzitik, bere hirigintza-eskumenak baliatu behar ditu etxebizitza babestuaren erreserba handitzeko, eskaria dagoen tokietan, gizarte-kohesioa eta etxebizitza duinerako sarbidea indartuz».

«Galdakaok tresnak ditu hori egiteko —planak, hitzarmenak eta lurzoru erabilgarria—, behar dena borondate politikoa da», nabarmendu du EAJ-PNVk. «Gure konpromisoa etxebizitza publikoarekin argia da: udalerriarentzat onuragarria dena babestea, kudeaketan zuhurtasuna eskatzea eta anbizio handiagoa exijitzea gutxieneko lege-betebeharra besterik betetzen ez den tokietan», adierazi du alderdiak.

«Legea betetzea beharrezkoa da, baina garrantzitsuena hortik harago joatea da: etorkizuneko ikuspegiarekin planifikatzea eta etxebizitza publikoaren politika sendotzea», nabarmendu dute jeltzaleek.

Bestalde, EAJ-PNVk hitzarmenaren «balorazio positiboa» egin du, erakundeen eta eragile pribatuen arteko lankidetzari esker ekintza hau posible izan delako, eta azpimarratu du «beharrezkoa dela lankidetza publiko-pribatuaren ereduetan sakontzea, etxebizitza eskuragarrien eskaintza egonkor eta kalitatezkoa bermatzeko».

Halaber, jeltzaleek defendatu dute beharrezkoa dela tresna berriak eta formula berritzaileak aztertzea, «etxebizitza babestuen parkea handitzeko, hirigintza-kudeaketa arintzeko eta sektore publikoa, enpresa-ehuna eta lurraldeko gizarte-erakundeak arteko lankidetza sustatzeko».

Eskaera eta adierazpen guzti hauen inguruan galdetu dio BINKEk Udalari, baina Gobernu Taldeak ez du erantzun nahi izan.