Galdakaoko EH Bilduk hauteskundeetarako programa herritarrekin prestatuko du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko EH Bildu
Galdakaoko EH Bilduk martxan jarri du ‘Batera goaz. El Galdakao que nos merecemos’ ekimena, herritarrekin batera udal hauteskundeetarako programa prestatzeko helburuz. Horretarako, hiru saio antolatu ditu martxoan zehar eta hauetan Iñigo Hernando EH Bilduko alkategaiak parte hartuko du.
Udal-hauteskundeak antolatuko dira maiatzean eta Galdakaoko EH Bildu hasi da hauetan aurkeztuko duen programa prestatzen. Alderdiak herritarrekin batera sortu nahi du programa eta horretarako saioak antolatu ditu martxoan zehar.
‘Batera goaz. El Galdakao que nos merecemos’ lelopean, hiru solasaldi egingo dituzte Galdakaon. Lehenengoa eguenean izango da, hilak 9, Gandasegin 19:00etan eta ‘Ingurune bizigarriagoa eta iraunkorragoa’ izena izango du. Helburua iraunkortasunaren, ingurumenaren eta auzoen berritzearen inguruan eztabaidatzea izango da, hau da, «zer egin ingurune bizigarriagoa lortzeko».
Bigarren saioa berriz, martxoaren 16an izango da Gandasegin ere 19:00etan, ‘Pertsonak erdigunean’ izenburupean. Besteak beste, galdakoztar guztiei aukera-berdintasuna nola bermatu, etxebizitza irisgarriagoa izateko zer egin eta herritarren parte-hartzea nola sustatu izango dira uztartuko diren gaiak.
Azken saioa, ‘Herri bizi eta kohesionatua’, martxoaren 23an izango da Ganekogorta kaleko bilgunean, 19:00etan. Honetan kultura, kirola, memoria historikoa, feminismoa eta euskararen inguruan hausnartuko dute parte-hartzaileek.
Saio guztietan Iñigo Hernando alkateak parte hartuko du, kanpaina osoan zehar lagunduko dion taldearekin batera. «Lau urte hauetan, EH Bilduk herritarren parte-hartzeari ateak ireki dizkio eta, ondorioz, datozen hauteskundeetarako gure hauteskunde programa gure bizilagun eta elkarteekin batera egitea ere nahi dugu», azaldu dute alderditik.