Galdakaoko Ostalaritza Eskolak Euskadi Saria jasoko du urrian
Luis Irizar saria
BINKE / 2020ko uztaila
Galdakaoko Ostalaritza Eskolak Euskadi Saria jasoko du urrian
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Galdakaoko Ostalaritza Eskola
Galdakaoko Ostalaritza Lanbide Heziketako ikastetxeak Euskadi Saria eskuratu zuen joan den hilabetean, Euskal Gastronomia Akademiaren Luis Irizar saria hain justu, eta saria bera datorren urriaren 26an jasoko badu ere, Binkek horren berri jaso du ikastetxearen bitartez.
Galdakaoko Ostalaritzako Eskolak 2019ko Euskadi Gastronomia Sarien eta Euskal Gastronomia Akademiaren Berezko Sarien artean, hauetako bat irabazi zuen joan den ekainean. Irakaskuntzaren alorrari eskaintzen zaion Luis Irizar saria izan da Ostalaritza Eskolak jaso duena, eta 2020ko urriaren 26an ospatuko da sari hauek jasotzeko ekitaldia, Bilboko Bizkaia aretoan hain zuzen.
Aipatzekoa da, bide batez, Euskal Gastronomia Akademiak burutu zuen 297. bilkuran adostutako proposamenak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua den Bingen Zupiria jaunari bidali, eta akademiak honen onespena jaso zuela bere sailetik.
Euskadi Sariak. Galdakaoko Ostalaritza Lanbide Heziketako ikastetxeak jaso duen saritik at egon dira honen tankerako beste hainbat Euskadi Sarien baitan. Hauen artean, euskal gastronomiarekin zerikusia duen elkarteari edo pertsonari ematen zaion José María Busca Isusi saria, edota ardoaren kulturarekin erlazioa duen norbanakoari, elkarteari zein instituzioari sariztatzen zaion Manuel Llano Gorostiza izan dira beste bi. Kasu hauetan, «Ja(ki)tea» elkartea eta Ardoaren Museoa Dinastia Vivanco izan dira garaile. Hauez gain, produktua aintzat hartu eta honen kalitatea baloratzen duen Juan José Lapitz, edota aparteko gisa ematen den Academia Vasca de Gastronomía sariei dagokienez, Gipuzkoako Erlezain Elkartea eta Federeico Pacha Goikoetxea —Orona Fundazioa y Chillida Leku— izan dira saridun.
Gainera, Euskal Gastronomia Akademiak, beste arlo batzuk heldu ditu sariak banatzerako orduan. Izan ere, jatetxe jaberik onenaren saria, jangela zuzendaririk oneraren saria, kazetari lanik onenaren saria, eta argitarapenik onenaren saria banatu dituzte ere bai. Lehenengoaren kasuan, Bilboko Zarate jatetxeko jabea den Sergio Ortiz de Zarateri eman bazaio, bigarrenari dagokionez Nerua Guggenheim Bilboko Jatetxeko Stefania Giordano Andereak lortu du saria. Aldiz, Sergio Errasti Guinea Jauna izan da kazetari lanik onenarena jaso duena, eta «Rutas y restaurantes con encanto de Gipuzkoa» idatziak argitalpenik onenarena.
Galdakaoko Ostalaritza Eskola. EAEko ostalaritza eskolarik zaharrena den honek 1978an ekin zion bere ibilbideari Elexaldeko auzoan, egun udal igerilekuak dauden tokian zehatz-mehatz.
Ordutik berrikuntzan eta puntako teknologian oinarritutako formakuntza eskaintzea izan dute xede, etengabeko formakuntza jaso duten profesionalei esker. Bere ateak ireki eta urteak aurrera egin ahala lortu duen ospeak gora egin du azken urteetan, EAEko ostalaritza eskolarik prestigiotsuena bihurtuta.
Nabarmentzekoak dira joan den hilabetean lortu zuen sariarekin batera arinago eskuratutako zenbait lorpen, tartean, 2003an egindako lana zela medio jasotako Ingurumen-Gestioaren saria eta ondoren jasotako Kalitatezko Formakuntza ziurtagiria.