
Galdakaoko Udalaren kudeaketa «oso ondo» baloratu du herritarren gehiengoak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Galdakaoko Udalak herritarren iritzia ezagutzeko inkesta egin du Aztiker enpresaren bitartez eta honen arabera, Udalaren kudeaketa «oso ondo» baloratu du galdakoztarren %70ak. Ezagutu balorazioaren datu gehiago albiste honetan.
Herrian egiten ari diren lanei buruz herritarrek duten iritzia ezagutzeko eta haien lehentasunak eta kezkak jakiteko helburuz, inkesta egin du Aztikerrek, Galdakaoko Udalaren eskariz. Enpresak 378 herritarrei telefonoz zein online egindako galderen bidez osatu du lana.
Ikerketa honen arabera, galdakoztarren %29,5ek uste du Udala herriko arazoak konpontzen ari dela, eta %39,8k dio Udalak badakiela nola konpondu, baina denbora gehiago behar duela. Herritarren ia %70k aldiz Udalaren gaitasunean konfiantza maila bat erakusten dut, «nahiz eta emaitzak ez diren berehalakoak».
Oposizioari buruz, %17,6k uste dute proposamenak egiten laguntzen duela, baina %19,9k kontrakoa dio; hau da, udal gobernuari oztopoak jarri besterik ez duela egiten. %24,4k ez dute alde batera edo bestera egin, eta beste asko dira erantzunik eman nahi izan ez dutenen kopurua: %38.
Udal Gobernuaren kudeaketaren gai zehatzei buruz galdetuta, kale garbiketa jarri dute herritarrek posizio onenean: %70,7k esan du kudeaketa oso ona edo nahiko ona dela; kultur eskaintzan %64,9k, eta ingurumena eta naturaren zaintzan %63,5ek.
Datozen urteetarako udal proiektuen artean, ibaiertza aisialdirako gune gisa indartzeari eta merkataritzako dirulaguntzak zabaltzeari eman diote herritarrek garrantzi handien —batez beste, 8,4 puntu bakoitzari—.
Kirol instalazio berriak sortzeari eta herri inklusiboagoa eraikitzeari ere 8,3ko eta 8,2ko puntuazioa eman diote, hurrenez hurren. Lehentasunak ezartzerakoan, hala ere, herri inklusiboagoa egitea eta kirol instalazio berriak eraikitzea gailendu dira.Etxebizitzaren inguruan hartu beharreko neurriei buruz galdetuta, oso aldekoa izan da herritarren erantzuna.
Etxebizitzaren egoera lasaitzeko hainbat herritan abiatu diren neurriekin ere, erabat ados edo ados daudenak gehiengoa dira kasu guztietan eta gazteentzako alokairu laguntzak handitzeak jaso du babes handiena —%86,5 erabat ados edo ados dago–.
Aztikerrek egindako inkestaren bestelako datu eta ondorioak argitaratzen joango da BINKE datozen egunotan. Bitartean, hemen deskargatu daiteke txostena osorik.
