‘Galdakaoko uneak harrapatzen’ argazki lehiaketa antolatu du Click eta Click elkarteak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: O. M.
‘Galdakaoko uneak harrapatzen’ argazki lehiaketa antolatu du Click eta Click elkarte galdakoztarrak. Izena eman daiteke urriaren 21era arte eta parte-hartzaile bakoitzak hiru argazki original aurkeztu ahal ditu.
Ohi duenez, Galdakaori buruzko argazki lehiaketa antolatu du beste behin Click eta Click elkarte galdakoztarrak. Kasu honetan «Galdakaoko uneak harrapatzen» izango da gaia eta herriko edozein alderdi, txoko, eraikin eta abar islatzen dituzten irudiak bidali daitezke.
Parte-hartzaile bakoitzak hiru argazki original eta argitaratu gabekoak aurkeztu ahal ditu. Irudiak JPEG formatuan bidali beharko dira eta artxiboak 250 ppp-ko bereizmena izan beharko du gutxienez. Antolatzaileek azaldu dutenez, argazkien ukitu orokor bat baimenduko da, baina ezin izango da gehitu edo ezabatu jatorrizko konposizioa aldatzen duen elementurik erabili.
Lehiaketan izena emateko epea zabalik dago eta urriaren 21era egin daiteke. Horretarako, maratonsk3@gmail.com helbidera bidali behar dira argazkiak eta aldez aurretik parte-hartzaile bakoitzari esleitu zaion zenbakiarekin izendatu behar dira, izen-ematea egiteko unean, argazkiaren izenburuarekin batera.
Irabazleek hurrengo sariak jasoko dituzte:
- Lehen saria: 250 euro
- Bigarren saria: 150 euro
- Hirugarren saria: 50 euro
Epaimahaiaren erabakia azaroaren 4an izango da eta antolatzaileek espresuki jakinaraziko diete irabazleei. Halaber, Click eta Clickek informazio hori sare sozialetan zabalduko du.