Galdakaoko XXI. Mendi Asteak erakusketa, proiekzioak eta hitzaldiak eskainiko ditu

Argazkia: Interempresas.

Ganguren Mendi Talde galdakoztarrak XXI. Mendi Astea antolatuko du azaroaren 29ra arte. Iker eta Eneko Pou anaiek, Txomin Uriartek, Elixabete Arbe, Joanna Maluenda eta Bego Gonzalez, parte hartuko dute jardunaldietan, besteak beste.

Aurten ere Mendi Astea antolatuko du Ganguren Mendi Talde galdakoztarrak. XXI. edizioa izango da eta erakusketa, proiekzioak eta hitzaldiak eskainiko ditu.

Jarduerak herritar guztiei zuzenduta daude eta sarrera librea izango da. Hauek dira ekintza guztiak:

  • Azaroaren 3tik 28ra: Everesterako lehen euskal espedizioaren erakusketa, Ganguren MTren egoitzako rokodromoan (Gipuzkoa kalea, 11). Martitzenetik domekara bisitatu ahal izango da, 11:30etik 22:00etara. Inaugurazioa azaroaren 6an izango da, 19:30ean, espedizioaren inguruko dokumental baten proiekzioarekin. Txomin Uriartek hitzaldia eskainiko du, espedizioan parte hartu zuten pertsonetako bat.
  • Azaroaren 13an, 19:00etan: ‘Hiru Haundiak. Taupadak eta Gailurrak’ eta ‘Of a Lifetime’ film luzeen eta ‘Red Rock Revolution’ film laburraren  proiekzioa, MendiTour-BBK Mendi Film zirkuituaren baitan, Torrezabaleko zineman.
  • Azaroaren 20an, 19:30ean: Dokumentala eta hitzaldia, Elixabete Arbe, Joana Maluenda eta Bego Gonzalez mendizaleen eskutik, GR11 ibilbide gogorra egin duten hiru emakume. Ganguren MTren egoitzako rokodromoan izango da saioa.
  • Azaroaren 29an, 19:00etan: ‘Bizitzari sokaz lotuta’ dokumentala eta hitzaldia, Eneko eta Iker Pou eskalatzaile ospetsuekin, Torrezabaleko areto nagusian.

Bestalde, ‘Iragana bihotzean, etorkizuna bidean’ lelopean, Gangurenen 80. urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusia antolatuko dute abenduaren 4an, 19:00etan, Torrezabal Kultur Etxean.

«Iraganeko pasadizoak gogoratzeko, oraina ospatzeko eta etorkizunera begiratzeko topaketa xume baina sentitua izango da», taldearen hitzetan. Bertan, klubaren azken 30 urteak laburbiltzen dituzten liburua eta bideoa aurkeztuko dira, eta ekitaldia mokatu baten bueltan bukatuko da.