Galdakaoko zazpi elkarte aitortu eta eskertu ditu Udalak, euren urteurren borobiletan

Argazkia: Jon Gomez Garai. Ezkerrerik eskuinera: Xabier Zabalo (Guzur Aretxa), Belen Madariaga (Los Tonos Humanos), Edu Olea (Ganguren Mendi Taldea), Iñigo Hernando alkatea, Amaia Souto (Da Capo Musika Banda), Alazne Solinis (Rigor Mortis), Gaizka Uriarte (Adiskide) eta Unai Zabala (Andra Mari).

Ekitaldiz eta ekintzaz bete dute 2025. urtea zazpi elkarte galdakoztarrek, bakoitzaren urteurren borobilak aitzakia hartuta. Bada, elkarte guzti horiek elkartu berri ditu gaur iluntzean Galdakaoko Udalak, hauen ibilbidea eta herriari egindako ekarpena «aitortu, eskertu eta zoriontzeko». Baina, zeintzuk dira zazpi elkarte horiek? Ondoko kronikan batu dugu!

Elkartegintza bizi-bizirik duen herria da Galdakao, eta horren adibide da 2025. urtea. Aurten, herriko zazpi elkartek urteurren borobilak ospatu dituzte. Horren aitzakian, elkarte guzti horiek aitortu eta eskertu egin ditu Galdakaoko Udalak.

Iluntzeko zortzirak aldera, Torrezabal Kultur Etxeko erakusketa aretoan Galdakaoko zazpi elkarteko ordezkariak bildu ditu Udalak. Badute zerbait komunean zazpi elkarteek: 2025ean guztiek bete eta ospatu dituzte urteurren borobilak.

Ganguren Mendi Taldeak 80 urte bete ditu aurten, Andra Mari Dantza Taldeak 70 urte, Adiskide Pilota Elkarteak 50 urte, Guzur Aretxa kultur elkarteak 40 urte, Los Tonos Humanos abesbatzak ere 40 urte, Rigor Mortis rol eta simulazio jokoen taldeak 30 urte eta Da Capo Musika Bandak 10 urte.

Horregatik, guzti horiek omendu gura izan ditu astelehen honetan Udalak, «aitortza egin eta herrian egiten duten lana eskertzeko». Zoriondu ere egin dituzte aipatutako elkarteak, Iñigo Hernando alkatea buru izan duen ekitaldian.

Lehenik, elkarte bakoitzeko presidenteei elkarrizketatxo bana egin die Eguzkiñe Gezuraga zinegotziak, eta ostean, Galdakaon bizi den Eider Eibar ilustratzaileak egindako koadro bana oparitu die alkateak. Koadroak pertsonalizatuta egon dira, elkarte bakoitzaren bereizgarriren bat eta urteurreneko zenbakia protagonista direla. Eibarrek berak ezin izan du ekitaldian egon, baina bideotxo baten bitartez azaldu du koadroak nola egin dituen.

Gainera, ilustrazioaz gain, koadro bakoitzak elkarte horri eskainitako bertso bana ere izan du, Asier Martin bertsolari galdakoztarrak idatzitakoak. Martinek bertsoak banan-banan kantatu dizkie elkarteetako ordezkariei.

Hernandok hartu du ekitaldiaren amaieran hitza, Galdakao «elkarteak gabe ezer izango ez litzatekela» aldarrikatuz. «Elkarteei esker edozerrekin gozatu daiteke herrian asko eta askoren elkartasunaren eta militantziari esker, baina guzti horren atzean dagoen herriarekiko maitasunaren ondorioz», esan du alkateak.

Eta zoriondu egin ditu, bakoitzak bere urteurrenaren harira herrian antolatu dituen ekitaldi guztiak eskertuz: «Herriaren taupada zarete elkarteak». Ekitaldia bertsotan amaitu du alkateak eta jarraian elkarte guztiek solasaldi atsegina izan dute.

situs togel

situs toto