Gaur da Santakurtzetako Kuadrilen Txapelketan izena emateko azken eguna
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Peio Zamalloa
Santakurtzak irailaren 13tik 22ra ospatuko dira eta aurten ere Kuadrilen Txapelketa antolatuko dute jaietan. Gaur da lehiaketan izena emateko azken eguna eta albiste honetan batu dugu parte hartzeko jakin beharrekoa.
Barikuan hasiko dira Santakurtzak eta urtero moduan egitarau zabala antolatu dute Galdakaoko Udalak, Jai Batzordeak eta herriko eragileek. Besteak beste, Kuadrilen Txapelketan parte hartzeko aukera izango dute galdakoztarrek beste behin eta gaur, irailak 11, da honetan izena emateko azken eguna.
Izen-ematea Torrezabal Kultur Etxeko bigarren solairuan egin daiteke, 8:30-14:30 ordutegian. Iaz Ohiko txapelketa modalitatea sartu ondoren, aurtengo Santakurtzetan hiru txapelketa egongo dira kuadrilentzat:
- Kuadrilen XXII. Lehiaketa: 32 proba izango ditu ohiko formatuan
- Ohiko txapelketa edo II. Txapelketa ttipia: Proba gutxiago izango ditu, 7 bakarrik, eta lasaiagoak
- Gazte kuadrilen txapelketa: 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzat
Kuadrila bakoitzak hiru lehiaketetako batean soilik eman ahal izango du izena, eta gutxienez 16 urtetik gorako lau pertsonak osatu beharko dute, Gazte kuadrilen lehiaketan izan ezik, 12 eta 16 urte bitartekoak izan beharko baitute. Probetan, kuadrilaren jantzi edo kamiseta bereizgarria eraman beharko dute kideek.
Limoi saria
Berrikuntza moduan, aurten Limoi Saria banatuko da kuadrilen artean. Proba guztietan, antolakuntzak limoi bat edo gehiago banatu ahal izango dizkie lehia osasuntsuaren aurkako jarrerak dituztenei: aurrez ezarritako arauak ez betetzea, jarrera edo adierazpen diskriminatzaileak edo errespetu gabekoak izatea beste parte hartzaileekin, antolatzaileekin edo epaimahaiarekin, epaimahaiaren iritzia ez errespetatzea, tranpak egitea…
Limoi gehien batzen dituen kuadrilak eramango du limoi saria, 25 punturekin zigortuko duena datorren urteko kuadrilen lehiaketan, eta irabazten diren sariak erdira murriztuko ditu. Zigor horiek hein handi batean murriztu ahal izango dira sari banaketako azken egunean (irailaren 22an) Kurtzeko karparen agertokian jasotako limoien zuku guztia edaten bada.