Gaur Galdakaon eta bihar Usansolon aurkeztuko da 22. Korrika
Euskara
BINKE / 2022ko otsaila
Gaur Galdakaon eta bihar Usansolon aurkeztuko da 22. Korrika
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Korrika gure herrietatik apirilaren 1ean eta 6an igaroko dela aurreratu bagenizuen ere, euskararen aldeko ekimen handi honen inguruko askoz azalpen gehiago emango ditu AEK-k gaur Galdakaon eta bihar Usansolon. Hitzorduen xehetasun gehiago batu ditugu albiste honetan.
Gerturatzen ari da Korrikaren 22. edizioa Euskal Herrira. Amurriotik Donostiarako bidea egingo du aurten, martxoaren 31tik apirilaren 10era, «Hitzekin» lemapean. Binkek urtarrilean aurreratu bezala, Galdakaora apirilaren 1ean iritsiko da eta Usansolora berriz apirilaren 6an.
Orain, egun horiek iritsi bitartean, gure herriek hartuko dituzten ekitaldiak aurkeztuko dituzte gaur, eguena, 19:00 Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxeko erakusketa aretoan eta bihar, barikua, Usansoloko plazako frontoian 17:30etik aurrera. AEK da Korrikaren antolatzailea, eta bertako AEK-ren arduradunarekin hitz egin du Binkek aurkezpen hauen berri jasotzeko.
Korrikaren nondik norako guztiak aurkeztuko dira bai gaurko zein biharko hitzorduetan. Baina gainera, Korrika Kulturalaren berri ere emango da —gure herrietan antolatuko diren ekitaldiak, alegia—, Korrika Lagun eta Korrika Laguntzaile rolak zer diren kontatuko dute eta Usansolon Korrikako arropa saltzeko aukera ere eskainiko dute —Galdakaon ez, denda zabalik izan baitzen—. Petoak bi herrietan izango dira salgai.
Amaieran, bi aurkezpenen ostean mokadutxo bat jateko aukera ere eskainiko dute antolatzaileek. Eta Usansoloren kasuan, 19:00etako aurkezpenaren aurretik, 17:30etik aurrera, umeentzako jolasak eskainiko ditu herriko ludotekak.