Ertzaintzak 21 eta 19 urteko bi gazte atxilotu ditu, atzo Olabarrieta auzo galdakoztarreko etxebizitza batean indarrez sartzeagatik.
Galdakaoko Olabarrieta auzoko etxebizitza batean indarrez sartzeagatik, Ertzaintzak gazte bi atxilotu zituen atzo, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Atxilotuak, 21 eta 19 urtekoak, familia bakarreko etxebizitza baten barruan harrapatu zituzten eta bizilekua bortxatzea egotzi zieten.
Gauerdia pasata, pertsona batek SOS Deiak 112 zerbitzura deitu zuen, aitaginarreben etxean jarrita zuten zaintza-kamera deskonektatuta zegoela adieraziz. Berehala, Ertzaintzaren patruilak bertaratu ziren, eta etxebizitzan argi bat piztuta zegoela egiaztatu zuten.
Etxebizitzara sartu ondoren, agenteek «bi gazte aurkitu zituzten goiko aldean», eta atxilotu egin zituzten.